Zaher ISBk ‘sentsazio onak’ lortu ditu Bilbon

img
Argazkia: Javier Zurbano.

Partidu ona jokatu arren ezin izan zion Unamuno taldeari irabazi eta 69 eta 55 galdu zuen.

Pasa den asteburuan Grupo Zaher ISB taldeak sailkapeneko bigarren sailkatuaren aurka partidu berdindua jokatu zuen. Eta irabaztea lortu ez zuen arren lehen itzuliko desberdintasunak laburtzeko helburua betetzea lortu zuen (lehen itzulian 30 puntu baino gehiagogatik galdu zuten). Borja Bellosok zuzendutako taldearen laurden txar batek eman zien aukera Unamunoko jokalariei partiduari buelta eman eta 69 eta 55 irabazten amaitzea. Hala ere, partidua galdu arren, entrenatzaileak “oso sentsazio onekin” amaitu zuen partidua.

Zaherrek entrenatzerik izan ez zuen Gabonetako opor arraroen ostean partidura lehen aipatutako helburua lortzeko asmotan iritsi ziren. Eta helburua betetzeko intentzioarekin ekin zioten azpeitiarrek partiduari. Modu alaian jokatuz eta baloiari defentsa gogorra eginez lehen laurdena 4 puntugatik irabazten amaitu zuten gure mutilek: 10 eta 14. Bigarrengoan Bellosoren mutilek lanean jarraitu zuten, baina oraingoan aurkariek errazago saskiratu zuten eta partidua berdintzea lortu zuten atsedenaldi aurretik.

Aldageletatik partidua irabaztekotan irten ziren Iraurgikoak. Defentsa gogorra eginda eta erasoan beti jaurtiketa onena aurkitzen saiatuta laurden ona egin zuten. Unamunoren azken segundoko saskiratze batek bakarrik ipini zuen etxeko taldea aurretik: 47 eta 46.

Azken laurdeneko lehen minutuetan Zaherrek berriro aurrea hartzea lortu zuen. Baina hortxe gastatu zitzaion gasolina Iraurgiko taldeari eta etxeko taldeak aukera aprobetxatu zuen 13 eta 0ko partzial batekin partidua apurtzeko. Hortik aurrera kanpoko taldeak ezin izan zuen ezer egin partidua irabazteko eta 69 eta 55 amaitu zuen.

Porrota jasan arren Borja Belloso entrenatzailea gustura agertu zen taldeak egindako lanarekin eta azpimarratu zuen Unamuno bezalako ekipo onen aurka jokatutako partidu guztietara amaierako aukerekin iristea espero duela.