Lehen itzuli ikaragarria Zurt ISBrentzat

img
Argazkia: Javier Zurbano.

Loiola Indautxuri 42 eta 46 irabazita 11 garaipen eta bi porroteko balantzearekin amaitu dute itzulia. Horrela sailkapeneko bigarren postuan aurkitzen dira.

Pasa den larunbatean Zurt Taberna ISBk lehen itzuliko azken partidua irabazi zuen Bilbon Loiola Indautxuren aurka. Oso partidu estua jokatu zuten Iraurgiko neskek eta Garazi Arregik azken segundoetan lortutako saskiratze bati esker 42 eta 46 irabazten amaitu zuten. Garaipen horrekin, 11 partidu irabazi ditu lehen itzulian Zurtek eta 2 galdu ditu. Horrela, sailkapeneko bigarren postuan aurkitzen da Joseba Lizarralderen taldea.

Aurreneko laurdena, partidu guztia bezala oso parekatua izan zen. Bi jokamolde desberdin ikusi ahal izan genituen Bilbon. Batetik bilbotarren joko pausatua eta bestetik Zurtekoen joko bizia. Zurtekoen helburua partiduari erritmoa sartzea zen, hori baitzen Bilbotarren altuerari aurre egiteko bide onena. Eta laurden honetan horrela gertatu zen. Errebotea itxitakoan kontraeraso azkarrak eginez saskiratzeak lortu zituzten. Bilbotarrek berriz kanpoko jaurtiketetan oinarrituz partiduan mantendu ziren. Laurden amaieran bat goitik ziren Zurtekoak.

Bigarren laurdena ere oso berdindua izan zen, bi taldeak izan ziren aurretik markagailuan baina ez batak eta ez besteak ez zuen aukerarik izan tartea zabaltzeko. Kontraerasora irteteko aukera zutenean Zurtekoek min egiten zuten baina bestela zailtasunak izan zituzten puntuak lortzeko. Kanpoko aldetik ez zuten eguna izan gure neskek, baina hala ere atsedenaldira hiru puntutako abantailarekin iritsi ziren.

Atsedenaldi ostean gauzak ildo beretik jarraitu zuten. Defentsak erasoen gainetik zeuden eta bi taldeek arazoak zituzten puntuak lortzeko. Kontraerasora irtetea gehiago kostatzen zitzaion kanpoko taldeari eta kanpotik ere asmatzen ez zuenez defentsako lanean zentratu ziren. Lan hori ondo eginda bilbotarrek ere zail ikusten zuten saskiratzeak lortzea. Laurden horretan berdinketa egon zen markagailuan.

Azkeneko laurdenean erabaki zen guztia eta zorionez gure nesken aldekoa izan zen. Une txarrak pasa zituzten Zurtekoek, etxeko taldearen zonakako defentsa apurtzeko kanpotik asko jaurti eta batere ez baitzuten sartu. Horrela, partidua amaitzeko gutxi falta zela hiru puntu behetik jarri ziren gure neskak eta partidua maldan gora jarri zitzaien. Baina azken minutuetan bat eta zortziko partziala lortuta, Aitziber Besgaren gidaritzapean, partidari buelta eman eta irabaztea lortu zuten.

Zurt Taberna ISBk partidu honekin amaiera eman dio aurreneko itzuli bikainari. Bigarren postuan bukatu dute hamaika garaipen eta bi porrotekin. Ea bigarrena ere berdin joaten den.

Partzialak: 15-16, 9-11, 10-10, 8-9

UNIVERSIDAD DEUSTO LOIOLA INDAUTXU
Ariztimuño (10), Beldarrain (8), Fernandez, N. Aurre, Rodriguez (2), J. Aurre (6), Larrinaga (7), Zugazaga (1), N. Aurre (8), Urrutia.

ZURT TABERNA ISB
Garazi Arregi (4), Maite Lizarazu (6), Eider Bereziartua (5), Intza Lizarazu (10), Itsaso Astigarraga (3), Ane Goenaga, Maitane Gurrutxaga (6), Aitziber Besga (9), Eneritz Larrañaga, Ainhoa Bereziartua (3).