A1 ligaxkara garaipena eskuratuta

img
Argazkia: Javier Zurbano.

Glual Hydraulics ISBk 68 eta 58 irabazi zion Cafes Aitona Askatuak taldeari azken laurden on bati esker.

Pasa den larunbatean Glual Hydraulics ISBk lehen faseko azken partidua jokatu zuen Cafes Aitona Askatuak taldearen aurka. Partidu osoa atzetik izan ondoren, azken laurdeneko 25 eta 9ko partzialari esker garaipena eskuratu zuen Iraurgiko taldeak. Garaipen horrekin hamar partidu irabazita eta 4 partidu galduta amaitu dute lehen fasea eta konfiantzaz beteta ekingo diote Ander Arrutiren mutilek A1 ligaxkari.

Ez zen oso partidu ona izan larunbatekoa. Gure mutilek ez zuten ohiko joko alaia egin eta intentsitaterik gabe ibili ziren. Hasiera batean ondo hasi ziren arren ez zuen asko iraun erritmo onak eta talde donostiarraren irabazteko gogoa gureenaren gainetik egon zen. Horrela, errebotea ondo itxi gabe eta joko ona egin gabe atzetik amaitu zuten lehen laurdena ISBkoek.

Bigarren laurdena ere ildo beretik joan zen. Arrutiren mutilek erasoan zertxobait hobetu zuten arren, kanpoko jaurtiketak asmatuaz, defentsako lanean oso ahul aritu ziren. Gauzak horrela, atsedenaldira bost puntutako desabantailarekin iritsi ziren gureak: 30 eta 35.

Aldageletatik itzuliak ez zituen gauzak gehiegi aldatu. Defentsan gaizki eta erasoan motel jarraitu zuten Iraurgikoek. Inoiz ere partidutik guztiz kanpo egon gabe baina apurka tartea handituz aritu ziren hurrengo minutuetan. Azkenean, laurden amaieran 6 puntugatik galtzen ari ziren Glualekoek.

Eta azken laurdenean Iraurgiko taldeak partidua irabazi egin behar zuela erabaki zuen. Beraien joko maila berreskuratu zuten eta 25 eta 9ko partziala sartu zien donostiarrei. Horrela, partidua 68 eta 58 irabazi zuten.

SASKIRATZAILEAK:

GLUAL HYDRAULICS ISB 68 (10+20+13+25):
Merketegi (12), Lur (9), Xuban (1), Elorza (6), Amets (18), Oteiza (0), Astigarraga (15), Xabier (0), Zabarte (5) eta Aritz (2).

CAFES AITONA ASKATUAK 58 (11+24+14+9):
Armendariz (2), Alberdi (2), Garcia (2), Lopez (4), Olazabal (17), Elduayen (5), Malet (14), Bisabarros (6) eta Samaniego (6)