“Orain bigarren faseaz gozatzea bakarrik gelditzen zaigu”

img
Argazkia: Javier Zurbano.

Zaher ISBk Araberri taldearen aurka 60 eta 63 irabazita amaitu du lehen fasea. Horrela, Bellosoren taldeak 8 garaipeneko eta 6 porrotetako balantzearekin bukatu du.

Zaher ISBk lehen faseko azken jardunaldia irabazi zuen pasa den asteburuan. Partidu ona jokatu gabe, 63 eta 60 irabazi zien Borja Bellosoren mutilek Araberri taldeari. Horrela, lehen fase hori 8 garaipenetako eta 6 porrotetako balantzearekin amaitu dute.

Zaherrekoek lo egin zuten salto kantxara. Defentsan estutzeko gogorik gabe eta erasoan baloia ondo mugitu gabe aukera eman zien arrasatearrei beraien jokoa egiteko. Horregatik, lehen laurdeneko irabazleak izan ziren: 16 eta 20.

Bigarren laurdenean gauzak aldatu ziren. Defentsan lan ona ez egin arren, erasoan hobeto jokatzen hasi ziren azpeitiarrak. 6 minutu oni esker, Iraurgikoek 26 eta 13ko partziala egin zuten eta abantaila onarekin iritsi ziren atsedenaldira.

Partzial horrek, ordea, erlaxazioa ekarri zuen etxeko taldera eta hori aprobetxatu zuen kanpoko taldeak. 2 eta 15eko partzial bat eginda berriro partiduan sartu ziren Araberrikoak. Iraurgikoei asko kostatzen zitzaien defenditzea eta aldizkako defentsak egin behar izan zituzten partziala gelditzeko.

Azken laurdenean Iraurgiko defentsek beraien fruitua eman zuten. Araberriko mutilek 8 puntu besterik ez zituzten sartu laurden osoan. Hala ere, esan beharra dago azken momentuetan zortea gure taldearen aldekoa izan zela eta partidua luzapenera eramango zukeen saskiratzea aro barrutik irten zela azken momentuan. Horrela, garaipena Azkoitiko kiroldegian gelditu zen.

Borja Belloso entrenatzailearen ustetan garaipen horren arrazoia ez zen merezimendua izan baizik eta “bolada ona eta zortea” izan ziren. Hala ere, entrenatzailea gustura agertu zen bere taldearen balantzearekin (batez ere azken 10 partiduetako 7 garaipenekin eta 3 porrotekin) lehen fase horretan. “Helburua soberan bete ondoren, orain bigarren faseaz partiduz partidu gozatzea bakarrik gelditzen zaigu, talde miresgarri honentzat sari bat baita hori” esan zuen Bellosok.