40 minututako partiduan ezin 30 bakarrik jokatu

img
Argazkia: Iraurgi SB

Lehen laurdenean 8 eta 20 galdu ondoren ezin izan zion partiduari buelta eman Alex Astigarragaren taldeak eta 68 eta 72 galtzen amaitu zuen Loiola Indautxuren aurka.

Pasa den asteburuan Disdira Bitxitegia ISBk ezin izan zion Universidad Deusto Loiola Indautxu taldeari irabazi Azpeitiko kiroldegian jokatutako partiduan. Partiduko lehen laurdenera hotz salto egin zuen Alex Astigarragaren taldeak eta ezin izan zion buelta eman. Gauzak horrela, 68 eta 72 galdu zuen eta ondorioz, aurre hartu zion Bilboko taldeak sailkapenean.

Lehen laurdena oso txarra izan zen Iraurgiko taldearentzat. Hotz sartu ziren partidura eta ezin izan zien bilbotarren defentsa onari aurre egin. Gainera, kanpoko taldeak erraz lortzen zuen saskiratzea. Gureek lana egin beharrean, berriz, epaileekin haserretu eta partidutik gehiago irten ziren. Azkenean lehen laurdena 8 eta 20 amaitu zuten.
Bigarren laurdenetik aurrera defentsako arloan gauzak zerbait hobetu zituen Disdirak. Hala ere errebotean bigarren aukera asko eman zizkieten bizkaitarrek eta haiek hori aprobetxatu egin zuten.

Atsedenaldi ondoren hasi zen etxeko taldea partidua estutzen. Kanpoko taldeari adierazitako falta teknikoak aprobetxatuz berriro partiduan murgildu ziren Astigarragarenak bi puntutaraino gerturatuz. Hala ere, gureek ez zituzten baloi solteak beraiek adina borrokatu eta erreboteetan arazoak izaten jarraitu zuten. Azken segundoetara puntu batez galtzen sartu ziren azpeitiarrak eta aurkariek galdutako baloi baten ondorioz aukera izan zuten saskiratzea egiteko. Hala ere, ez ziren gai izan jaurtiketa egiteko eta ondorengo jaurtiketa libreak aprobetxatu zituzten bilbotarrek tartea zabaltzeko.

Alex Astigarragaren hitzetan ez zuten partidua azken baloi horretan galdu, baizik eta hasierako partzial handi horretan. Bere esanetan “lehen jardunalditik esaten ari naizen bezala guk lana ez badugu 40 minutuetan egiten ez dugu partidua ateratzen eta gutxiago aurre aldean dauden taldeen aurka jokatzen badugu. Partiduetara gogoz eta gogor sartu behar dugula ikasi behar dugu.”

Lehen itzulia amaitu dute Disdira Bitxitegia ISB taldekoek eta sailkapeneko buru Baskonia daukate. Beste talde asko hortxe daude partidu baten bueltan, oso liga berdindua baitaukate aurtengoan.

Hurrengo partidua datorren igandean jokatuko dute Bilbon 12:30ean. Oraingoan Mikeldi La Peña taldea izango dute aurrean.

Egurre Disdira Bitxitegia ISB!!!

Saskiratzaileak: X. Aldalur (10), Urbizu (8), Irulegi (10), B. Aldalur (-), J. Amenabar (-), Lur (2), Azkue (-), Artola (2), Luis (8), Astigarraga (5), Jakes (20), Altzibar (2).