Garaipena Etxanizen eta Amenabarren itzulerako partiduan

img
Partiduko une bat.(Argazkia: Tellitu)

51 eta 55 irabazi zion Disdira Bitxitegia ISBk Mikeldi La Peña taldeari gora behera askoko partiduan.

Pasa den asteburuan Disdira Bitxitegia ISBk garaipena eskuratu zuen Bilbon jokatutako partidu garrantzitsuan. Gora behera handiko partidua izan zen Mikeldi La Peñaren aurka jokatutakoa, baina azkenean Alex Astigarragaren taldeak 51 eta 55 irabaztea lortu zuen. Garaipen horrek goiko postuetan jarraitzeko aukerak eman dizkio Iraurgiko taldeari eta beraien entrenatzaileak esan bezala, helburua ”goiko postuetan egoteko bolada positibo batean sartzea da”.

Disdira Bitxitegia ISBk ez zuen ondo hasi igande goizeko partidua. Defentsan ahul ibili ziren eta aukera asko eman zizkieten bilbotarrei. Horiek ondo aprobetxatu zuten Iraurgikoen kontzentrazio falta eta laurdena irabazten amaitu zuten:14 eta 10.

Bigarren laurdenean postu guztietako defentsa hobetu zuten gure mutilek, baina erasoan akats ugari egin zituzten. Baloi errazak galdu zituzten eta ez ziren gai izan partiduari buelta emateko. Atsedenaldira puntu batez galtzen iritsi ziren.

Hirugarren laurdena izan zen ISBkoen laurdenik onena. Presioa eta defentsa aldaketak eginez partidua beraien erritmora eraman zuten. Horrela, partiduari buelta emateaz gian lehen abantailak lortzen hasi ziren. Horrela, laurden horretan 9 eta 18ko partziala lortu zuten.

Azken laurdeneko lehen minutuetan aurreko laurdeneko lan onarekin jarraitu zuten. Defentsan oinarrituta 14 puntutaraino ireki zuten abantaila. Horrela mantendu zuten markagailua azken hiru minutuak arte, eta jada partidua irabazita zegoela zirudienean Iraurgikoak partidutik joan ziren. Jaurtiketak egiteko zailtasunak izaten hasi ziren, hainbat sarrera bakarrik huts egin zituzten eta botatako 14 jaurtiketa libreetatik hiru bakarrik sartu zituzten. Hala ere, aurretik irekitako tartea nahikoa izan zen partidua irabazteko, eta azkenean 51 eta 55 irabazten amaitu zuten.

Partiduko albiste onenak, nola ez, Jon Etxaniz eta Jabi Amenabarren itzulerak izan ziren. Hainbeste hilabete kantxatik kanpo izan ondoren, berriro taldera itzuli dira bi azpeitiarrak eta hori taldearentzat laguntza handia da. Ongi etorri!!

Datorren larunbatean, hilaren 31a, Disdira Bitxitegia ISBk ligako liderraren, Baskoniaren, aurka jokatuko du Azpeitiko Kiroldegian 18:30ean. Gasteizko taldeak bi partidu bakarrik galdu ditu eta gure mutilak beraien hirugarren porrota lortzen saiatuko dira. Animatzera joateko gonbidapena luzatu nahi dizuegu.
Egurre Disdira Bitxitegia ISB!

Saskiratzaileak: X. Aldalur(4), J. Urbizu(8), E. Irulegi(-), B. Aldalur(5), Jabi(8), Azkue (13), L.Agirre (1), Etxaniz (1), Amenabar (6), Merketegi (3), B. Altzibar (2).