Azken laurden txarrak porrotera eraman zuen Zurt Taberna ISB

img
Argazkia: Rakel Arbizu.

59 eta 56 galdu zuen Megacalzado Ardoi talde nafarraren aurka, eta horrela denboraldiko hirugarren porrota jasan dute Joseba Lizarralderenak.

Denboraldiko hirugarren porrota jasan zuen Zurt Taberna ISBk Zizur Nagusian jokatutako partiduan. Megacalzado Ardoi talde indartsuaren aurka jokatu zuten larunbat arratsaldean eta partidu osoa aurretik izan arren azken laurden eskasa egin eta 59 eta 56 galtzen amaitu zuen. Porrot horrekin bigarren postuan jarraitzen dute Joseba Lizarralderen neskek baina hirugarren sailkatuarekin berdinduta daude.

Zurt Taberna ISBk bazekien partidu ona jokatu beharko zuela aurrean zuen talde indartsuari irabazteko eta oso mentalizatuta irten zuten kantxara. Oso ondo hasi ziren, defentsan Ardoikoei aukerarik eman gabe eta erasoan berriz kanpotik barrura erraz jokatuz. Nafarren uztaia nahiko erraz aurkitu zuten gureek, batez ere Eider Bereziartuaren eskutik, eta zortzi puntutako aldea zabaldu zuten lehen laurdenean.

Bigarren laurdena parekatuagoa izan zen. Nafarrek urrats bat aurrera eman zuten eta zona barruan min egiten hasi ziren, Ariz erreferente bezala hartuta. Gureek ere barneko jokoan aurkitu zituzten hutsuneak saskiratzeak lortzeko, laurden honetan. Azkenean, zazpi puntuko abantailarekin amaitu zuten gureek bigarren laurdena.

Atsedenaldi ondoren aurreko laurdeneko berdintasunak jarraitu zuen kantxa gainean. Nafarrek ondo ekin zien laurdenari, batez ere kanpoko jaurtiketei esker, hiru puntutaraino gerturatu ziren. Zurtekoek, ordea, kikildu ordez indartsuago jokatzeari ekin zien eta 0 eta 7ko partzial bati esker partiduko abantailarik handiena lortu zuten, 10 puntu. Azken minutuetan Ardoikoek berriro tartea laburtu eta 41 eta 48 amaitu zuten laurdena.

Zoritxarrez, baina, oso azken laurden txarra jokatu zuten Zurteko neskek. Nafarrek partidua irabazteko gogoa erakutsi zuten laurden hasieratik eta 8 eta 0 ko partzialarekin partiduan aurretik jarri ziren lehen aldiz. Zurtekoek ez ziren eroso sentitzen kantxa gainean eta baloi ugari galdu zituzten. Horrez gain, partidu guztiko erabaki txarrenak hartu zituzten eta arnasa eman zien Ardoikoei. Defentsan erreboteko arazoak izan zituzten gure neskek eta nafarrek hori aprobetxatu zuten saskiratzeak lortzeko. Azken unean partidua berdintzeko hiruko jaurtiketa bat egin zuten Iraurgikoek baina ez zen sartu eta denboraldiko hirugarren porrota jaso zuen Zurt Taberna ISBk.

Datorren asteburua oso garrantzitsua izango da gure neskentzat bi partidu jokatuko baitituzte. Larunbatean Portugaleteren aurka jokatuko dute Azkoitian eta igandean, berriz, Gasteizera bidaiatuko dute Araskiren aurka jokatzeko. Garrantzitsua izango da partidu horiek aurrera ateratzea eta berriro garaipenera itzultzea.

Partzialak: 14-22, 12-11, 15-15, 18-8

MEGACALZADO ARDOI
Martinez (6), Perez, Santesteban (10), Gil (5), Lizoain, Celayeta (8), Astrain (9), Idoate (2), Arregi (3), Satrustegi, Ariz (18).

ZURT TABERNA ISB
Garazi Arregi (6), Maite Lizarazu (10), Eider Bereziartua (13), Intza Lizarazu (5), Itsaso Astigarraga (9), Ane Goenaga (2), Maitane Gurrutxaga (6), Aitziber Besga (3), Eneritz Larrañaga, Ainhoa Bereziartua (2).