Garaipenarekin hasi du A1 ligaxka Glual Hydraulics ISBk

img
Argazkia: Javier Zurbano.

71 eta 53 hartu zuen mendean Kiko Enea Oke talde ordiziarra eta horrela, sailkapeneko lehen postua eskuratu du Ander Arrutiren taldeak.

Oso ondo hasi du Glual Hydraulics ISBk, Iraurgi SBko junior mutilek, Euskal Ligako bigarren fasea. Kiko Enea Oke talde ordiziarraren kontra 71 eta 53 irabazi zuen Ander Arrutiren taldeak eta garaipen horrekin sailkapeneko lehen postuan jarri dira azpeitiarrak lehen jardunaldi ostean.

Erritmo handiko partidua izan zen pasa den larunbatean Azkoitian jokatutakoa. Talde ordiziarra fase erregionaletik etorri arren, partidua estu hartzeko asmotan etorri zen eta gure mutilek gogotik lan egin behar izan zuten partidua irabaztea lortzeko.

Lehen laurdena oso borrokatua izan zen, intentsitate handikoa eta joko erritmo altukoa. Ordiziarrei erritmo altuko partiduak gustatzen zaizkie eta eraso motzetan lortzen zuten saskiratzea. Glualekoek, berriz, zuten onena atera behar izan zuten horri aurre egiteko. Izugarrizko laurden ona egin zuten Iraurgikoek erasoan eta 27 puntu saskiratu zituzten lehen 10 minutuetan.

Bigarren laurdenean, baina, guztia aldatu zen. Irekitako tartea nahikoa zela edo pentsatuta Glualekoak erlaxatu egin ziren eta 2 eta 15eko partziala jaso zuten. Defentsan oso bigun aritu ziren eta errebotean ere oso lan eskasa egin zuten, eta horri kanpoko taldearen gogoa gehitu zitzaion Iraurgikoei partidua zaila jarriaz. Momentu horretan, ordea, etxeko taldeak erreakzionatu egin zuen eta 17 eta 4ko partziala sartu zuen. Azkenean, atsedenaldira aurretik iritsi ziren: 46 eta 38.

Aldageletatik bueltan Iraurgikoak partidua apurtzeko erabakiarekin etorri ziren. Defentsan irmotasuna erakutsi zuten eta erasoan erritmo biziarekin jarraitu zuten. Lehen bi laurdenetako ehunekoak ez izan arren jaurtiketetan, talde itxura ona eta partidua irabazteko gosea erakutsi zuten. Ordiziarrek ezin izan zioten Glualekoen taldeko jokoari eutsi eta laurdena 60 eta 45ekoarekin amaitu zen.

Azken laurdena ere bide beretik joan zen. Okekoak aurpegia ematen jarraitu zuten baina Iraurgikoen joko maila hobeagoa izan zen eta azkenean partidua 71 eta 53 amaitu zen.

Hurrengo partidua, Easo 98A taldearen aurka jokatuko du Glual Hydraulicsek, otsailaren 7an Bidebieta kiroldegian. 20:00etan hasiko da partidua eta benetan norgehiagoka gogorra espero dute azpeitiarrek talde hori baita aurreko ligaxkako liderra.

SASKIRATZAILEAK

GLUAL HYDRAULICS ISB 71 (27+19+14+11):
Merketegi (10), Lur (8), Iker (0), Xuban (0), Amets (0), Oteiza (2), Astigarraga (20), Xabier (5), Jon Zabarte (24) eta Alain (2).

KIKO ENEA OKE 53 (19+19+7+8):
Iztueta (8), Zubiaurre (3), Arrondo (10), Sarasola (9), Gaztañaga (15), Saldaña (-), Insausti (6), Masid (2), Ormazabal (0) eta Peral (0).