Zaher ISBk porrot mingarria jaso du bigarren faseko lehen jardunaldian

img
Argazkia: Javier Zurbano.

Atsedenaldira arte heldu ahal izan arren, 40 eta77 galdu zuen Bilboko Unamuno taldearen aurka.

Zaher ISBk bigarren faseko lehen partidua galdu zuen Bilboko Unamuno taldearen aurka pasa den igandean. Borja Bellosoren taldea atsedenaldira arte partidu barruan egon zen arren, azkenean 40 eta 77 galduta porrot mingarria jasan zuen.Iraurgikoek partidu txarra jokatu zuten eta ezin izan zuten ezer egin eskailera-maila bat gorago dagoen taldearen aurka.

Zaher ISBkoak duela pare bat aste jokatu zuten bilbotarren aurka lehen fasean eta partidu ona jokatuta 12 puntugatik galdu zuten. Oraingoan, baina, Unamunokoak lezioa ikasita etorri ziren eta etxekoek ezin izan zuten ezer egin gelditzeko.

Zaher ISBkoek bilbotarren erasoak gelditu ezinik hasi zuten partidua, eta bazekiten hori oso aspektu garrantzitsua zela partiduan egon nahi bazuten. Hala ere, defentsa txarra eginagatik ere partiduan mantendu ziren lehen hamar minutuetan: 15 eta 21.

Bigarren laurdenean hobeto defenditzen hasi ziren Iraurgikoak. Orain, ordea, erasoan izan zituzten arazo gehiago. Aurkarien altuerak beldurtu egiten zituen zona barrura sartzeko orduan eta gainera gutxi asmatu zuten jaurtiketetan. Horrela, atsedenaldira 10 puntutako desabantailarekin iritsi ziren. Baina tartea handia ez izan arren, aurkariek nahi zutenean partidua hautsiko zutenaren sentsazioa zegoen Azkoitiko kiroldegian.

Eta horixe bera gertatu zen atsedenaldi ostean. Lehen lau jabetzetan lau hiruko saskiratu zituen talde kanpotarrak eta horrek 9 eta 29ko partzialari hasiera eman zion. Bilbotarrek nahi zuten bezala jokatzen hasi ziren eta etxeko taldea berriz hondoratu egin zen. Hortik aurrera, Zaherrekoak geroz eta beherago joan ziren eta kanpoko taldekoak, berriz, gora eta gora. Azkenean, 10 minutu luzeren ostean 40 eta 77 amaitu zen partidua.

Datorren asteburuan Zaher ISBk Easo Aren aurka jokatuko du Donostian. Partidu zaila izango da, denboraldi honetan inoiz ez baitira izan garaipena lortzeko gai beraien aurka. Hala ere Bellosok “aurreko asteko irudi txarra hobetu eta denboraldian zehar taldeak izan duen itxura berreskuratuko duela” espero du. Bere ustez “gelditzen diren 9 partiduez gozatzeko aukera bakarra da.”