Partiduari buelta emateko gai izan arren saririk gabe gelditu da Sein ISB

img
Argazkia: Iraurgi SB.

64 eta 71 galdu zuen Erroibide Irunen aurka Azpeitiko kiroldegian jokatutako partidu bakarrean.

Pasa den asteburuan elurra eta eguraldi txarra izan ziren nagusi Euskal Herrian. Arrazoi horregatik, partidu asko bertan behera gelditu ziren. Ez zen berdina pasa, baina, Sein ISBren partiduarekin eta larunbat goizean Azpeitiko kiroldegian jokatu zuten bakarrak izan ziren. David Rodriguezen mutilek ezin izan zuten Erroibide Irunen aurkako partidua irabazi, nahiz eta partiduari buelta emateko gai izan. Azkenean 64 eta 71 galdu zuten.

Etxeko taldeak gaizki hasi zuen partidua. Erroibidekoak indartsu hartu zituzten bi taulapeak eta erraz saskiratzen zuten erasoan. Atzean berriz, alderantziz gertatzen zen. Gogor ixten zuten kanastarako bidea eta Sein ISBkoek ezin zuten saskiratu. Erroibide tartea zabaltzen ibili zen eta beraien erasoko erritmoa gelditzeko aukera bakarra kiroldegian izan zen ilunaldia izan zen. Argiek funtzionatzeari utzi zien eta horrek on egin zien gure mutilei. Horiek erreakzionatu eta apurka-apurka tartea laburtzen joan ziren. Laurden amaieran 15 eta 24 galtzen zuten Iraurgikoek.

Bigarren laurdenean Sein ISBk defentsako intentsitatea igo zuen eta horrek korrika egiteko gaitasuna eman zien. Baina, hainbat akats egin zuten eta ezin izan zuten tartea gehiago laburtu. Atsedenaldian 10 puntu behetik ziren etxeko mutilak: 34 eta 44.

Aldageletatik itzuliak on egin zien Iraurgikoei. Defentsan lehen paseak estutzen hasi ziren eta horrela baloiak lapurtu zituzten. Baloi horiek korrika egiteko aukera eman zien ISBkoei eta kontraeraso azkarrak eginez erraz saskiratu zuten. Horrela, partidua berdintzea lortu zuten eta partiduan guztiz sartu ziren: 53 eta 53.

Ezin izan zuten, ordea, amaiera arte horrela jarraitu eta lehen zatiko akatsak agertu ziren berriz. Errebotean asko sufritu zuten eta kanpokoek aprobetxatu egin zuten bigarren eta hirugarren aukerak izateko. Erasoan ere ez zuten asmatu, nahiz eta askotan erabaki onak hartu. Horrela, Iraurgikoek ezin izan zuten ezer egin eta Erroibide Irunek berriro ihes nola egiten zuen ikusi zuten. Partidu amaieran emaitza 64 eta 71koa izan zen.

Sein ISBk datorren partidua berriro Azpeitiko kiroldegian jokatuko du, larunbatean 9:00etan. Oraingoan Ordiziako taldearen aurka jokatuko du.