Errotaundi ISBk partidu estua irabazi du

img
Argazkia: Javier Zurbano.

Hernani K.E.ri 58 eta 55 irabazi zion hirugarren laurden arte galtzen joan zen partiduan.

Pasa den larunbatean Errotaundi ISBk Hernani K.E. taldeari irabazi zion denboraldiko 16. jardunaldian. Lehen zati osoa galtzen egon ondoren, David Rodriguezen taldeak partiduari buelta eman zion eta aurretik ipini zen hirugarren laurdenean. Azkenean, amaiera oso estuan 58 eta 55 irabazi zuen Errotaundik eta horrela sailkapeneko 7. postuan aurkitzen da.

Errotaundi ISBkoek ez zuten ondo hasi partidua. Rodriguezen mutilek arazo asko izan zituzten Hernaniko barneko jokalariak defenditzeko eta erasoan ez zeukaten arintasunik. Gainera, baloi ugari galdu zituzten eta aurkariek aukerak aprobetxatu zituzten abantailak lortzeko. Horrela, laurden amaieran etxekoek 6 eta 20 galtzen zuten.

Bigarren laurden hasierak ez zuen lehenaren antzik izan. Iraurgikoek intentsitatez hasi zuten laurdena. Hala ere, defentsan apur bat sufritzen jarraitu zuten beraien barneko jokoa gelditzeko. Erasoan, aldiz, arintasun gehiago lortu zuten eta 8 puntutaraino gerturatu ziren: 27 eta 35.

Atsedenaldiak ez bati eta ez besteari ez zion onik egin. Saskiaren aurrean bi taldeak asko huts egiten hasi ziren. Hala ere, laurden erdialdean etxeko taldea esnatu egin zen eta defentsako hobekuntza bati esker baloiak lapurtu eta korrika azkar irteten hasi zen. Horrela, partiduari buelta ematea lortu zuen Errotaundik eta laurdena amaitu aurretik markagailuan aurre hartu zuen: 48 eta 46.

Azken laurdena izan zen kalitate gutxienekoa, baina aldi berean emozioz betea egon zen. Etxeko taldeak ondo defenditu zuen eta kanpoko taldeak ez zuen jokoan ia punturik eskuratu, baina epaileek adierazitako falten ondorioz jaurtiketa libre asko izan zituzten. Horrela, azken minutura hiru puntutako abantailarekin iritsi zen Errotaundi. Emaitza hori zeukatela Errotaundikoek falta egin zioten hirukoa jaurtitzen ari zen jokalariari eta hiru jaurtiketa libre izan zituen. Hernanikoak bat bakarra sartu zuen, ordea, eta segituan Errotaundikoei egin behar izan zieen falta. Hauek ere bakarra sartuta Hernanikoek aukera izan zuten azken jokaldian partidua berdintzeko baina ez zuten asmatu eta 58 eta 55 amaitu zen partidua.

Errotaundi ISBk larunbatean jokatuko du hurrengo partidua, 16:00etan Urretxun Goierri K.E. taldearen aurka.