Zaher ISBk bigarren partidua jarraian galdu du

img
Argazkia: Javier Zurbano.

Ezin izan zuen Easoren aurka ezer egin eta 76 eta 40 galtzen amaitu zuen. Etxeko taldea nagusi izan zen partidu osoan zehar.

Iraurgi Saski Baloi taldeko Zaher ISBk ezin izan zuen Easo 99 Aitzgorri taldearen aurka garaipena eskuratu azken faseko bigarren jardunaldian, eta horrela bigarren porrota jarraian eskuratu dute. Etxeko taldea nagusi izan zen partidu osoan zehar eta 76 eta 40 irabazten amaitu zuen. Hala ere, Borja Bellosoren taldeak azken minutu arte borrokan jarraitu zuen.

Iraurgikoek ondo hasi zuten partidua, intentsitatez defendituz eta erasoan jaurtiketa onak aurkituz. Hala ere, Easokoek oraindik eta hobeto hasi zuten eta efikazia handiz – partidu osoan zehar iraun zuen – lehen abantailak lortu zituzten. Lehen laurden amaieran dagoeneko desberdintasuna garrantzitsua zen: 22 eta 8.

Bigarren laurdena izan zen Zaher ISBkoen onena. Laurdena puntu batez irabazi zuten, nahiz eta jaurtiketa libreetan ez ibili oso fin eta hainbat akats egin. Laurden amaieran emaitza oraindik etxekoen aldekoa zen baina orain desberdintasuna ez zen hainbestekoa: 37 eta 24.

Atsedenaldi ostean, baina, Easokoak partidua apurtzeko asmotan irten zuten aldageletatik eta kantxa osoko presioari esker lortu egin zuten. Defentsa bakoitzean etxeko taldeak falta urratuz eta epaileen permisibitate handiaz abantaila 25 puntutaraino zabaldu zen. Bellosoren taldeak aurreko asteko egoera berdina bizi izan zuen: beraiek asko sufritzen eta aurkariak nahi bezala jokatzen.

Azken laurdena aurrekoaren antzekoa izan zen. Easokoek estutzen jarraitu zuten kantxa osoan eta apurka abantaila handitzen. Hala ere, Zaherrekoek ez zituzten besoak jaitsi eta gogor borrokatzen jarraitu zuten. Azken partziala 23 eta 12koa izan zen eta partidua 76 eta 40 amaitu zen.

Bellosoren esanetan “gaur egun Easo gure taldea baino hobea da, oso jokalari desorekagarriak baititu. Horri, beraiek saskiratutako 30 jaurtiketa libreak eta gureek lortutako 4ak (16tik) gehituz gero zaila da borrokatzea. Kuriositate bezala ondorengoa azpimarratu nahiko nuke: bi taldeok presioa egin genuen ia partidu osoan zehar eta guri 31 falta adierazi zizkiguten eta beraiei 16. Hala eta guztiz ere, Easo garaile justua izan zen, eta guri burua altxa eta berriz konfiantzaz jokatzea tokatzen zaigu.”