Glualek lehen postuan jarraitzen du partidu ona jokatuta

img
Argazkia: Javier Zurbano.

Gorabeherak izan arren 47 eta 58 hartu zuen menpean Easo 98 A taldea. Horrela, bi partidutan bi garaipen eskuratu ditu Ander Arrutiren taldeak.

Glual Hydraulics ISBk Euskal Ligako bigarren faseko lehen postuari eutsi zion pasa den larunbatean Donostian. Easo 98 A taldeari 47 eta 58 irabazita bitik bi garaipen eskuratu ditu Ander Arrutiren taldeak. Partidu gorabeheratsua izan zen azpeitiarrentzat, lehen zatian 10 puntutako abantaila lortu arren, puntu batera gerturatu baitziren hirugarren laurdenean Easokoak. Hala ere, irabaztea lortu zuten eta Easo Arekin batera porrotik jaso ez duen taldea da.

Seriotasunez hartu zuen Glual ISBk partidua. Defentsan gogor aritu ziren eta horrek baloiak errekuperatzeko gaitasuna eta errebotea kontrolatzeko aukera eman zien. Hori horrela, erasoan azkar irten zuten eta partiduari erritmoa sartu zien. Saskiratze errazak lortu zituzten azkoitiarrek laurden horretan eta sei puntutako abantaila lortu zuten laurden amaieran. Hala ere, azken segundoetan etxeko taldeak hirukoa lortu eta laurdena 16 eta 19 amaitu zen.

Bigarren laurdenean ere bide berdinetik jarraitu zuen Iraurgiko taldeak. Erasoan bi taldeek hainbat akats egin zuten baina partiduaren erritmoak bizia izaten jarraitu zuen. Bi taldeek garaipena eskuratu nahi zuten eta gogor borrokatu zuten hori lortzeko. Arrutiren mutilek kanpoko jaurtiketetan oso ehuneko ona izan zuten eta horri esker alde polita ireki zuten atsedenaldi aurretik: 25 eta 35.

Atsedenalditik itzuleran gauzak aldatu egin ziren, ordea. Gure mutilek lo hasi zuten laurdena eta donostiarrek partiduari buelta emateko aprobetxatu zuten. Erritmoa areagotu zuten eta 9 eta 0ko partzialarekin berriro partiduan sartu ziren, 40 eta 41.

Glual Hydraulics ISBko mutilek, baina, ez zeukaten partidua galtzeko asmorik eta lehen bi laurdenetako lan ona berreskuratu zuten. Beraiek gustuko duten saskibaloia eginez 0 eta 12ko partziala lortu zuten eta partidua ia erabakita utzi zuten. Hortik aurrera defentsako lan ona egin zuten eta partidua Azkoitira ekarri zuten.

Hurrengo partidua otsailaren 14an jokatuko du Glual Hydraulics ISBk Gasteizko Fundacion 5+11 Baskonia taldearen aurka. Judizmendi kiroldegian jokatuko du 12:00etan.

SASKIRATZAILEAK

EASO 98 A 47 (16+9+15+7):
Bordenave (-), Cordon (5), Corona (8), Etezarreta (3), Esnal (0), Beraza (6), Larrinaga (3), Fernandez (4), Ibarloza (4), Azurmendi (6), Sanz (2) eta Txintxurreta (6).

GLUAL HYDRAULICS ISB 58 (19+16+6+17)
Merketegi (14), Lur (7), Xuban (2), Amets (0), Oteiza (0), Astigarraga (19), Xabi (9), Jon (7), Aritz (0), Alain (0) eta Axier (0).