Partiduari buelta eman eta garaipena eskuratu du Disdira Bitxitegiak

img
Argazkia: Iraurgi SB

Bigarren zatian 43 puntu sartuta 63 eta 73 irabazten amaitu zuen Alex Astigarragaren taldeak. Atletiko San Sebastianen aurka. Garaipen horrekin sailkapeneko laugarren postuan jarri da Iraurgiko taldea.

Pasa den larunbatean oso partidu garrantzitsua irabazi zuen Disdira Bitxitegia ISBk Atletiko San Sebastian taldearen aurka Donostian. Hirugarren laurdenean 15 puntu atzetik izan arren, Alex Astigarragaren taldeak partiduari buelta eman zion eta 63 eta 73 irabazten amaitu zuen. Garaipen horrekin, atzean utzi du Disdirak talde donostiarra eta laugarren postura salto egin du.

Bazekien Disidira Bitxitegia ISBk oso partidu zaila izango zela larunbatekoa. Bi taldeak garaipen berdinekin iritsi ziren partidura eta bientzat oso garrantzitsua zen partidu hura irabaztea. Lehen zatia oso berdindua izan zen. Bi taldeek defentsako errebotea ondo kontrolatu zuten eta ez zizkieten bigarren aukerak eman aurkariei. Gainera, Iraurgikoek donostiarren jaurtitzaile trebeak ondo gelditu zituzten eta horrela beraien helburua bete zuten. Hala ere, hainbat baloi galdu zuten eta jaurtiketetan ere hutsegiteak egin zituzten. Horregatik, ezin izan zuten markagailuan aurrea hartu eta atsedenaldira 31 eta 30ekoarekin iritsi ziren.

Lehen zatiko lan berdina egiteko helburuarekin salto egin zuten Disdirakoek kantxara bigarren zatian. Barruko jendea gogor defendatu behar zela hitz egin zuten eta kanpokoek ez zezatela jaurti. Baina esandakoa egiteko gaitasunik ez zuten izan eta Atletikokoek izugarrizko errepasoa eman zien lehen minutuetan. 18 eta 4ko partziala eginda 15 puntugatik galtzen jarri ziren Iraurgikoak. Eta orduantxe erreakzionatu zuen talde azpeitiarrak. Berriro gogor jarri ziren defentsan eta baloiak berreskuratuz lasterka egiteko aukera izan zuten Iraurgikoek. Horrela, saskiratze errazak lortu zituzten eta partiduari buelta eman zien.

Azken laurdenean lan onarekin jarraitu zuten Iraurgikoek eta partidua errematatu zuten. Atzean lan ona egin zuten eta aurrean baloia oso ondo mugitu zuten jaurtiketa onena aurkituz. Horrela, apurka-apurka tartea zabaltzen joan ziren eta azkenean 63 eta 73 irabazten amaitu zuten. Aipatzekoa da, bigarren zatian Disdira Bitxitegiak izan zuen jarioa, 43 puntu sartu baitzituen azken 20 minutuetan.

Oso garaipen garrantzitsua izan zen larunbatekoa eta Astigarragak “denoi konfiantza igotzeko balioko digula” espero du. Datorren larunbatean Azpeitiko kiroldegian jokatuko dute 18:30ean Tabirakoren aurka eta aurreko asteko joko onarekin jarraitzea dute helburu.

Saskiratzaileak: Xabier Aldalur (2), Urbizu (7), Irulegi (7), Beñat Aldalur (-), J. Amenabar (8), U. Amenabar (-), Luis (5), Etxaniz (4), Ibon (23), Jakes (15), Altzibar (2).