Sein ISBk Ordiziari irabazi zion eta bigarren sailkatua berdindu du

img
Argazkia: Iraurgi SB

Bigarren laurdenetik aurrera partiduaren kontrola izan zuen eta 69 eta 55 irabazten amaitu zuen.

Pasa den larunbatean Sein ISBk 69 eta 55 irabazi zion Odiziari Azpeitiko kiroldegian. David Rodriguezen mutilak bigarren laurdenean hasi ziren abantailak lortzen eta hortik aurrera partidua kontrolpean izan zuten. Garaipen horrekin Iraurgiko taldea bosgarren postuan jarri da, baina bigarren sailkatuarekin berdinduta dago.

Sein ISBkoek ez zuten ondo hasi partidua. Kanpoko taldea zonakako defentsan hasi zen eta etxekoak ez ziren gai izan baloia ondo mugitzeko. Horrela ez zuten eroso erasotu. Gainera, defentsako errebotean arazoak izan zituzten eta hori kontrolatu gabe oso zaila zen lasterka egitea beraien defentsa apurtzeko. Azkenean, laurden amaierara puntu bateko desabantailarekin iritsi ziren etxekoak: 14 eta 15.

Bigarren laurdenean, ordea, gauzak asko aldatu ziren. Iraurgikoek defentsan pausu bat aurrera eman zuten eta intentsitate handiz defenditzen hasi ziren. Horrela baloiak berreskuratu zituzten eta erritmo altuagoa ezarri zioten partiduari. Erasoan askoz hobeto mugitu zuten baloia eta barneko jokoari baloiak sartzeko aukera izan zuten. Era horretan, Sein ISBk markagailuari buelta eman zion eta atsedenaldira aurretik iritsi ziren: 34 eta 23.

Aldageletatik bueltan berdintasuna nagusitu zen Azpeitiko kiroldegian. Bi taldeak saskiratze trukean aritu ziren, baina etxekoen hainbat akatsek aukera eman zien Ordiziarrei markagailuan zazpi puntutaraino gerturatzeko. Hala ere, Rodriguezek partidua gelditu zuen hutsarte batekin eta etxeko taldea berriz lanean hasi zen. Beste partzial on bat egin zuten ISBkoek eta 19 puntutaraino ihes egin zuten, 57 eta 38.

Azken laurdenean hirugarreneko istorio berdina pasa zen Azpeitian. Etxekoek hainbat akats egin zuten eta Ordiziakoek hiru hirukorekin distantzia laburtu zuten. Etxeko taldeak beste hutsarte bat eskatu behar izan zuen, eta aurrekoan bezala, honek funtzionatu egin zuen. Minutu hobeak jokatu zituzten azpeitiarrek eta 69 eta 55ekora iritsi ziren.

Datorren asteburuan Sein ISBk ez du partidurik izango. Beraz, hurrengo partidua otsailaren 22an, igandea, jokatuko du Goierriren aurka.