Bigarren garaipen garrantzitsua jarraian Disdira Bitxitegiarentzat

img
Argazkia: Iraurgi SB.

75 eta 64 irabazi zion Tabirako Baque taldeari eta sailkapeneko hirugarren postuan aurkitzen da bigarrenarekin berdinduta.

Pasa den larunbatean, Disdira Bitxitegia ISBk garaipen garrantzitsua lortu zuen Azpeitiko kiroldegian Tabirako Baque talde bizkaitarraren aurka. Sailkapenean dagoen berdintasuna kontutan hartuta, ia astero egokitzen zaio Alex Astigarragaren taldeari aurkari zuzenen aurka jokatzea, eta garaipen horrekin, azken bi partidu garrantzitsuak irabazi dituzte. Tabirako Baque 75 eta 64 mendean hartuta sailkapeneko hirugarren postuan jarri da Iraurgiko taldea, bigarren sailkatuarekin berdinduta.

Bazekien Disdira Bitxitegia ISBk partidu zaila izango zela larunbatekoa eta jokalari guztien lana behar beharrezkoa izango zela. Horregatik, hasieratik erritmo ona ipini zuten kantxa gainean eta errebotea ere ondo kontrolatu zuten. Hala ere, ez zuen tartea zabaltzeko aukerarik izan Tabirakokoek ere gogor egin baitzuten lana. Laurden amaieran 20 eta 18ko adierazten zuen markagailuak.

Bigarren laurdena ere ildo beretik joan zen. Bi taldeek lan ona egiten jarraitu zuten eta berdintasuna nagusitu zen Azpeitiko kiroldegian. Hala ere, laurden horretan, etxeko taldeak gehiago asmatu zuen hiruko jaurtiketetan eta tartea 5 puntutaraino zabaldu zuen: 43 eta 38.

Atsedenaldi ostean apur bat galduta irten ziren Iraurgiko mutilak. Ordura arte ez bezala, erasoan deseroso sentitzen hasi ziren eta baloi ugari galduta ez zuten saskiratze errazik lortzen. Hala ere, defentsan intentsitatez jarraitu zuten eta ez zien utzi aurkariei erraz saskiratzen. Azkenean laurdena 14 eta 14 berdindu zuten bi taldeek.

Azkeneko laurdenean presarik gabe jokatzeko helburuarekin kantxaratu ziren Iraurgikoak. Atzetik zen taldeak izan beharko zuela presa eta lasaitasunez jokatzeko esana zuten Astigarragarenek. Horrela izan zen, Tabirakokoek hiruko jaurtiketekin saiatu ziren partiduari buelta ematen baina ez zuten asmatu eta etxekoen kanasta bakoitzak pisu gehiago ematen zien bizkaitarrei. Amaieran 75 eta 64 irabazi zuen Disdirak eta, partidua irabazteaz gain, averagea ere eskuratu zuen.

Hurrengo partidua datorren larunbatean, otsailaren 21ean, jokatuko du Disdira Bitxitegia ISBk. Getxoren aurka jokatuko du eta bolada onarekin jarraitzen saiatuko da Astigarragaren taldea.

Saskiratzaileak: X. Aldalur (14), Urbizu (12), Irulegi (8), B. Aldalur (11), J. Amenabar (-), U. Amenabar (2), Azkue (1), Artola (4), Astigarraga (6), Etxaniz (-), Jakes (17),Altzibar (2).