Hamar minutu on bakarrik jokatuta zaila da irabaztea

img
Argazkia: Iraurgi SB

58 eta 50 galdu zion Disdira Bitxitegia ISBk Getxoko taldeari hiru laurden txar jokatuta. Hala ere, lehen postuetan jarraitzen du Alex Astigarragaren taldeak.

Pasa den asteburuan Disdira Bitxitegia ISBk ezin izan zuen Getxora egindako bidaian garaipena eskuratu. Alex Astigarragaren mutilek partidu txarra jokatu zuten eta 58 eta 50 galtzen amaitu zuten Getxo SB taldearen aurka. Hirugarren laurdenean azpeitiarrak partiduan sartu ziren arren ezin izan zioten azken laurdenean partiduari buelta eman. Hala ere, Iraurgiko mutilek sailkapeneko lehen postuetan jarraitzen dute bigarren postua borrokatzen.

Disdira Bitxitegia ISBk gaizki hasi zuen partidua. Intentsitaterik gabe irten zuten Astigarragarenek kantxara eta gainera, ez zuten egun ona izan kanpoko jaurtiketetan. Aurkariek, aldiz, kontraeraso azkarrak egin zituzten eta Iraurgikoek ezin izan zituzten gelditu. Horrela aritu ziren lehen bi laurdenetan Iraurgiko mutilak, ez erasoan ezta defentsan ere lana eginez. Horrela, 18 eta 7 galdu zuten lehen laurdena eta 15 eta 8 bigarrena.

Aldageletatik bueltan Disdira Bitxitegiak beste aurpegi bat erakutsi zuen. Ordura arte bezala jokatuta inoiz irabaziko ez luketela konturatuta edo esnatu egin ziren. Defentsa ona egiten hasi ziren, errebotea ondo itxiaz eta baloi aske guztiak borrokatuaz. Izugarrizko jarrera aldaketa egin zuten Azpeitiko mutilek eta gainera jaurtiketetan ere gehiago asmatzen hasi ziren. Laurden hori 6 eta 20 irabazi zuten Astigarragarenek eta partiduan sartu ziren.

Partidua horrela zela, ordea, Disdirakoek berriro akatsetan erori ziren eta Getxokoek hori aprobetxatu zuten berriro markagailuan ihes egiteko. Gureek presaz jokatu zuten azken laurdena eta apurka berriro 10 puntutaraino ihes egin zuen etxeko taldeak. Azkenean, laurdena 19 eta 15 galduta bukaerako emaitzara iritsi ziren: 58 eta 50.

Astigarragaren esanetan “ argi daukagu zer egin behar dugun, orain eginbeharrekoa beti egitea falta zaigu”. Entrenatzaileak partidu hartako jarrera ahaztu eta astean zehar egiten duten lana ona bihurtu nahi du. Datorren asteburuan partidu garrantzitsua izango dute Disdira Bitxitegia ISBkoek. Beraiekin berdinduta dagoen CB Valle Egües taldearen aurka jokatuko dute Azpeitiko kiroldegian 18:30ean.

Guztion bultzadarekin partidua aurrera atera dezakegu! Egurre Disdira Bitxitegia ISB!

Saskiratzaileak: X. Aldalur(11), J. Urbizu(11), E. Irulegi(-), B. Aldalur(2), Jabi(-), U. Amenabar (2), Azkue (8), L.Agirre (3), Etxaniz (-), Jakes (8), B. Altzibar (-).