Zurt ISBk irabazten jarraitzen du

img
Argazkia: Javier Zurbano.

Joseba Lizarralderen neskek bigarren zati ona egin zuten eta 37 eta 64 irabazten amaitu zuten azken sailkatuaren aurka.

Zurt Taberna ISBk 16. garaipena eskuratu zuten Getxo SB taldearen aurka pasa den larunbatean. Lehen zati txarra jokatu arren, hirugarren laurdenean hobetu eta 37 eta 64 irabazten amaitu zuten Joseba Lizarralderen neskek azken sailkatuaren aurka. Partidu hori irabazita igoera play offetarako sailkapena oso gertu daukate Iraurgi SBko neskek.

Ondo hasi zuten partidua Zurt Taberna ISBko neskek. Atzean gogor aritu ziren hutsune guztiak itxiz eta erasoan berriz kontraeraso onak egin zituzten. Horrela, lehen aldeak lortu zituzten Iraurgikoek eta 6 eta 14 irabazten amaitu zuten lehen laurdena.

Bigarren laurdena, berriz, oso txarra izan zen. Atzeko lana egiteari utzi zioten ISBkoek eta horri lotuta erasoan ere ez ziren fin ibili. Erabaki txarrak hautatu zituzten eta ondorioz baloi asko galdu zituzten. Getxoko neskek ere arazoak izan zituzten erasoan, baina atzean Zurtekoak baino indartsuago izan ziren. Horrela, bost puntu bakarrik sartu zituzten gure neskek laurden horretan eta atsedenaldira lau puntu goitik iritsi ziren. Aipagarria da 19 puntu eskas sartu zituztela Zurtekoek lehen bi laurdenetan.

Atsedenaldian esnatu ziren gure neskak. Atzean berriro gogor hasi ziren lanean Iraurgikoak eta horrek aukerak eman zizkien baloiak lapurtu eta eraso errazak egiteko. Horrez gain, baloia askoz hobeto mugitu zuten bai barruko jokoan eta baita kanpokoan ere. Ordura arte 19 puntu bakarrik sartu bazituzten, laurden horretan 28 puntu sartu zituzten Lizarralderen neskek, batez ere Eider Bereziartuaren gidaritzapean. Laurden amaieran partidua erabakita utzi zuen kanpoko taldeak 23 puntutako tartea irekita.

Azken laurdenean gure neskak erlaxatu egin ziren eta Getxokoek 9 eta 0ko partziala eginez 14 puntutara gerturatu ziren. Zurtekoek, ordea, ez zuten pikutara bota nahi izan ordura arte egindako lana eta berriro lanean hasi ziren. Horrela, 4 eta 17ko partziala egin zuten eta amaierako emaitza 37 eta 64 izan zen.

Partiduko gertaera txarrena Maitane Dominguez juniorraren lesioa izan zen. Zoritxarrezko jokaldi batean min hartu zuen eta kantxa utzi behar izan zuen. Ezer izan ez dadin espero dugu eta denbora gutxi barru kantxan ikus dezagula. Animo Maitane!

Partzialak: 6-14, 9-5, 9-28, 13-17

BURDINOLA GETXO

Rodriguez (5), Lafuente (2), Raton (2), Menendez (2), Schmitt (12), Mazo (10), Garcia, Erdozain (4).

ZURT TABERNA ISB

Garazi Arregi (5), Eider Bereziartua (18), Maitane Dominguez, Intza Lizarazu (6), Itsaso Astigarraga (11), Ane Goenaga (6), Maitane Gurrutxaga (2), Aitziber Besga (2), Eneritz Larrañaga (12), Ainhoa Bereziartua (2).