Bigarren zatian gainbehera izan zuen Disdira Bitxitegia ISBk

img
Argazkia: Iraurgi SB.

Hiru laurdenetan aurretik izan ostean Alex Astigarragaren taldeak 63 eta 76 galtzen amaitu zuen Valle de Egües taldearen aurka.

Pasa den larunbatean ezin izan zuen Disdira Bitxitegia ISBk berarekin sailkapenean berdinduta zegoen Valle de Egües taldearen aurka irabazi. Alex Astigarragaren taldeak ondo jokatu zuen lehen zatia, baina atsedenaldi ostean izandako beherakadak porrotera eraman zituen. Hala ere, oraindik hurrengo faserako sailkapenerako borrokan jarraitzen du Iraurgiko taldeak eta gogotik lan eginda lor dezake.

Lehen zati oso ona jokatu zuen Disdira Bitxitegia ISBk. Aurkariek egindako defentsa aldaketei ondo erantzun zien eta baloia modu egokian mugitu zuten. Horrez gain, egun ona izan zuten saskiratzeko orduan eta bai kanpoko jaurtiketek eta baita barneraketek ere saskia aurkitu zuten. Bigarren laurdenean, gainera, intentsitate handiz defenditu zuen etxeko taldeak eta apurka tartea zabaltzen joan zen. Atsedenaldira 7 puntutako abantailarekin iritsi ziren Astigarragarenak: 40 – 33.

Atsedenalditik ere indartsu itzuli ziren Iraurgikoak, partidua apurtzeko erabakia hartuta egin zuten salto kantxara. Horrela, 8 eta 0ko partziala egin zuten 5 minututan eta 15 puntutako aldea zabaldu zuten. Baina zailena eginda zegoela zirudienean gure taldearen gainbehera iritsi zen. Erasoan aurretik izandako zortea galdu zuten eta atzean berriz baloi errazak utzi zizkieten aurkariei. Haiek ondo aprobetxatu zuten aukera bakoitza eta hirugarren laurden amaieran bi puntutara gerturatu ziren.

Azken laurdena talde batek bakarrik jokatu balu bezala izan zen. Gure mutilek behera eta behera egiten zuten bitartean aurkariak hazi egin ziren. Gureek ez zuten ezer asmatu azken laurdenean, 8 puntu bakarrik sartu zituzten, eta aldi berean, Valle de Egüesekoek dena sartu zuten. Astigarragarenak saiatu ziren defentsan gogor aritzen baina alferrik izan zen eta partidua galtzen amaitu zuten, 63 eta 76.

Datorren asteburuan Arrigorriagan jokatuko du Disdira Bitxitegia ISBk. Aurreko multzoan jarraitu nahi badute beharrezkoa izango da partidu hori irabaztea. Ea taldeak erreakzionatu eta bi porrotetako boladari amaiera ematen dion.

Egurre Disdira Bitxitegia ISB!

Saskiratzaileak: X. Aldalur(2), Urbizu(8), Irulegi(4), B. Aldalur (5), J. Amenabar (5), U. Amenabar, Azkue (13), Artola, Agirre (6), Etxaniz (10), Alberdi (10), Altzibar.