Errotaundi ISBk ezin izan zion liderrari irabazi

img
Argazkia: Iraurgi SB.

Partidu osoa atzetik izan ondoren 60 eta 75 galtzen amaitu zuen. Porrot horrekin David Rodriguezenek 11 garaipenetako eta 9 porrotetako balantzea daukate.

Errotaundi ISBk ezin izan zion Tecnuni, Santo Tomas taldearekin batera liderra, irabazi pasa den larunbatean Azpeitian. David Rodriguezenek ezin izan zuten ezer egin kanpoko taldearen sendotasunaren aurka eta 60 eta 75 galtzen amaitu zuten. Horrela, etxean bigarren partidua galdu zuten denboraldi honetan eta 11 garaipenetako eta 9 porrotetako balantzea daukate.

Partidu hasieratik Tecnunekoak aurretik jarri ziren. Erasoan egindako joko onak posizio guztietatik ehuneko onekin saskiratzeko aukera eman zien, eta aldi berean, etxeko taldeak ez zuen batere asmatu saski aurrean. Apurka apurka talde donostiarra tartea zabaltzen joan zen eta atsedenaldira 23 eta 38ko emaitzarekin iritsi ziren.

Aldageletatik bueltan Iraurgikoek minutu onak jokatu zituzten eta distantziak laburtzen saiatu ziren. Hala ere, intentsitate aldaketa nabaria izan arren etxeko taldeak saski aurrean ez sartzen jarraitu zuen eta kanpoko taldeak zeukan tartearekin jokatzen jakin zuen. Ondorioz, 60 eta 75 bukaerako emaitzara iritsi ziren.

Datorren larunbatean David Rodriguezen taldeak Lizeo Santo Tomas taldearen, beste liderra, aurka jokatuko du Benta Berri kiroldegian 18:00etan.