Sein ISBk luzapenean irabazi zuen larunbateko partidu zirraragarria

img
Argazkia: Iraurgi SB.

Gutxieneko tartearekin, 68 eta 67, irabazi zion Aloña Mendi taldeari azken segundoetan bi jaurtiketa libre sartuta.

Pasa den larunbatean Sein ISBk Oñatiko Aloña Mendi taldearen aurka irabazi zuen luzapenean. Oso partidu berdindua izan zen eta David Rodriguezen taldeak azken segundoetan sartutako bi jaurtiketa libreri esker irabazi zuen, 68 eta 67. Garaipen horrekin, Iraurgi SBko taldeak sailkapeneko bigarren postua bereganatu du.

Sein ISBk lo hasi zuen partidua. Oñatiarren kontrolpean egon zen norgehiagoka lehen minutu horietan eta markagailuan desberdintasunak azaltzen hasi ziren. Etxeko taldearen defentsa txarra eta erasoko asmatze gutxia lotuta joan ziren eta hori dela eta, oñatiarrek 5 eta 16 irabazten zuten 8. minutuan. Hala ere, Seinekoak egoera benetan txarrean aurkitzen hasi zirenean erreakzionatu egin zuten eta saskirako bidea errazago lortzen hasi ziren, tartea laburtuz. Laurden amaieran markagailua Aloña Mendiren aldekoa zen, baina hiru puntutakoa bakarrik zen abantaila: 15 eta 18.

Bigarren laurdena berdindua izan zen baina kanpoko taldeak gehiago izaten jarraitu zuen. Bi taldeek asmatzeak eta hutsegiteak trukatu zituzten eta atsedenaldian emaitza 26 eta 32koa zen.

Hirugarren laurdena izan zen Sein ISBren onena. Defentsan intentsitatez aritu ziren lanean eta Aloña Mendikoei 7 puntu bakarrik sartzen utzi zizkieten. Erasoan ere baloia askoz hobeto mugitu zuten eta arintasunez egin zuten eraso. Hori dela eta Rodriguezen taldeak partiduari itzulia eman zion: 43 eta 39.

Azken laurdena bi zatitan bananduta egon zen. Lehenengoan etxekoek lortutako abantailarekin jokatzen jakin zuten baina bigarrengoan, partidua Azpeitian geldituko zela zirudienean, Oñatikoak erreakzionatu egin zuten. Erreakzio horri esker, azken momentuetara berdintasun handiarekin iritsi ziren bi taldeak. Hala ere, 5 segundoren faltan dena eginda zegoela zirudien Iraurgiko taldeak bi puntugatik irabazten baitzuen eta baloiaren jabetza beraiena baitzen. Saskibaloia, ordea, horrelakoxea da eta espero ez zena gertatu zen. Etxekoak ez ziren gai izan baloia jokoan ipintzeko, eta oñatiarrek saskiratzea lortu eta partidua luzapenera eraman zuten.

Luzapena, gainontzeko partidua bezala, oso parekatua izan zen. Saskiratze trukean aritu ziren eta azken segundoetara berriro berdinduta iritsi ziren. Oraingoan, baina, Aloña Mendikoek zuten partidua eskuetan. Partidua amaitzeko segundoak falta zirela Iraurgiko mutilek bi jaurtiketa libre izan zituzten partidua berdintzeko; lehena sartu arren bigarren huts egin zuten ordea. Baina, berriro, dena galduta zegoela zirudienean, erreboteko lana ondo eginez erasoko errebotea hartu zuen Iraurgik eta beste falta bat jaso zuen. Oraingoan, bi jaurtiketak asmatu zituen Seinek eta puntu batengatik partidua irabazi zuten.

Hurrengo asteburuan, Sein ISBk berriro Azpeitian jokatu du. Igandean izango da partidua 12:00etan eta sailkapeneko azken aurreko taldearen kontra jokatuko du, Easo 97 Loyola.