Talde lan ona egin eta garaipenak lortzen jarraitzen du Zurt Taberna ISBk

img
Argazkia: Rakel Arbizu.

Gernika KESBen aurka 68 eta 46 irabazi zuten Joseba Lizarralderen neskek eta liderraren porrotarekin lotuta garaipen batera daukate lehen postua.

Zurt Taberna ISBk beste garaipen bat eskuratu zuen pasa den larunbatean Azpeitiko kiroldegian eta dagoeneko hamazazpi dira Iraurgiko neskek irabazitako partiduak. Joseba Lizarralde eta bere taldeak kezkati hartu zuten Gernika KESBren aurkako partidua, lesioak eta gaixotasunak zirela medio sei jokalari seniorrekin eta bi juniorrekin agertu baitziren partidura. Zailtasunak zailtasun, partidu serioa jokatu zuten Zurtekoek eta 68 eta 46 irabazten amaitu zuten. Gauzak horrela, ia matematikoki lortua daukate play offetarako txartela eta garaipen batera daukate lehen sailkatua.

Taldeko jokalari kopurua ikusita lasai ekin zioten Zurtekoek partiduari. Iraurgiko taldeak minutuak banatu eta bukaerara fresko iristea zeukan helburu. Lehen hamar minutuak oso berdinduak izan ziren, bi taldeak abantaila txikiak lortuaz aritu ziren. Gernikako neskek ez zuten asko asmatu kanpoko jaurtiketetan eta Iraurgikoak, berriz, ez ziren gai izan lortutako abantailetan saskipean ondo bukatzeko. Laurden amaieran bi puntugatik irabazten ari zen etxeko taldea.

Bigarren laurdenean hortzak estutu eta indartsuago hasi ziren Iraurgiko neskak. Jokoaren erritmoa apur bat igo zuten eta batez ere barruko jokoarekin min egiten hasi ziren. Horrela, hamar puntu ingurutako abantailak eskuratu zituzten Zurtekoek. Hala ere, kanpoko taldeak laurden amaieran hirukoa sartu zuen eta tartea 10 puntu baino gutxiagokoa izan zen atsedenaldian: 29 – 20.

Atsedenaldi ostean Zurteko neskek partidua apurtzeko asmotan egin zuten salto kantxara. Hasieratik 5 eta 0ko partziala egin zuten eta ordura arteko partiduko alderik handiena zabaldu zuten, hamalau puntu. Baina orduan iritsi zen bizkaitarren erreakzioa eta bederatzi eta hutseko partzial bati esker bost puntutara gerturatu ziren. Lizarraldek hutsartea eskatu zuen partiduaren norabidea aldatzeko eta baita lortu ere. Itzuleran Iraurgikoek 14 eta 6ko partziala egin zuten eta hamahiru puntu goitik amaitu zuten hirugarren laurdena.

Jaso berri zuten sustoa kontutan hartuta Zurtekoek partidua benetan apurtzeko erabakia hartu zuten. Indartsu ekin zien laurdenari eta hiru minututan 10 eta 0ko partziala egin zuten. Hor partiduaren amaiera etorri zen eta hortik aurrera denbora pasatzen utzi zuten bi taldeek. Denbora horretan minutuak banatu eta juniorrei atsedena eman zien Zurteko entrenatzaileek.

Datorren astean Bilbora bidaiatuko dute Zurt Taberna ISBko neskek Autocares Alba La Salle taldearen aurka jokatzeko. Behetik gora doan taldea da bilbotarra eta etxean asko kosta zitzaien gure neskei garaipena lortzea. Garrantzitsua izango da gure neskentzat garaipenarekin itzultzea.

Partzialak: 15-13, 14-7, 21-17, 18-9

ZURT TABERNA ISB

Garazi Arregi (8), Eider Bereziartua (8), Oihane Aizpurua (5), Intza Lizarazu (18), Itsaso Astigarraga (13), Maitane Gurrutxaga (5), Aitziber Besga (6), Eneritz Larrañaga (5)

GERNIKA KESB

Arrien (4), Mandaluniz (4), Zenigaonaindia, Lauzirika, Mugira (11), Esain (11), Omaetxebarria (11), Omagogeaskoa, Iruskieta (2), Landazabal (1), Lloret (2)