Errotaundi ISBk denboraldiko partidurik onena jokatu eta koliderrari irabazi zion

img
Argazkia: Iraurgi SB.

David Rodriguezen taldeak 46 eta 57 irabazi zion Santo Tomas Lizeo taldeari eta horrela bi porroteko bolada txarrari amaiera eman zion.

Errotaundi ISBk denboraldiko partidurik serioena jokatu eta lehiaketako koliderrari 46 eta 57 irabazi zion. David Rodriguezen taldeak bi porrot jarraian zeramatzan eta Santo Tomas Lizeoari irabazteak moralezko aupada eman dio taldeari.

Lehen laurdena partiduko berdinduena izan zen. Lehen abantailak etxeko taldearentzat izan ziren arren, gainontzekoan Iraurgiko ekipoak kontrolatu zuen partidua. Neurketa osoan zehar oso defentsa ona egin zuten gureek eta errebotea ere kontrolpean izan zuten. Erasoan, berriz, oso ondo mugitu zuten baloia eta jaurtiketetako aukera onenak hautatu zituzten. Horrela, ondo jokatuaz, lehen laurdena berdinketarekin amaitu zen.

Hurrengo 30 minutuetan partiduak ez zuen istorio gehiago izan. Errotaundikoek lan onarekin jarraitu zuten eta markagailuan abantailak hartzen joan ziren. Apurka-apurka eta jokoko aspektu guztiak ondo landuz, ez zien aukerarik eman etxekoei markagailuan gerturatzeko. Horrela, atsedenaldian 19 eta 29 irabazten ari ziren Iraurgikoak, hirugarren laurden amaieran 29 eta 43 eta partidu amaieran 46 eta 57.

Errotaundi ISBren hurrengo partidua martxoaren 14an, larunbata, 16:00etan izango da Azpeitiko kiroldegian. Bosteko talde donostiarraren kontra jokatuko dute gure mutilek.