Sein ISBk Easo 97 Loyolaren altuerari aurre egin zion

img
Argazkia: Iraurgi SB.

Oso partidu berdindua jokatu zuten, baina David Rodriguezen mutilek 45 eta 39 irabazten amaitu zuten donostiarren aurka.

Pasa den asteburuan Sein ISBk Easo 97 Loyola taldearen aurka irabazi zuen, erritmo gutxiko partiduan. Iraurgikoek ez zuten beraien ohiko erritmoan jokatu, baina hala ere aurkarien fisiko handiari irabazten jakin zioten. Horrela, David Rodriguezen mutilak sailkapeneko bigarren postua hartu dute.

Partiduko laurden guztiak berdinduak izan ziren markagailuan. Lehen laurdenean, donostiarrek hartu zuten agindua markagailuan baina Sein ISBkoak behin aurretik jarri zirenean ez zioten donostiarrei gehiago pasatzen utzi. Iraurgikoek ez zuten, ordea, beraien ohiko jokoa egin eta ondorioz saski aurrean ataskatuta ibili ziren. Gainera, erasoan ez zuten erritmoarekin jokatu eta horrek asko lagundu zion aurkarien zonakako defentsari. Hala ere, gauzak ondo egin ez arren, Sein ISBk 45 eta 39 irabazten amaitu zuen partidua.

Datorren larunbatean Sein ISBk liderraren aurka jokatuko du Hernanin. Azpeitiarrentzat 18:30ean hasiko da Hernani KE Txiki talde gogorraren aurkako partidua.