Zaher ISBk atsedenaldi arte bakarrik borrokatu ahal izan zuen Bilbon

img
Argazkia: Javier Zurbano.

Etxeko taldeak bere fisiko hobea eta jokalari kopurua aprobetxatu zuen, eta Borja Bellosoren taldeak 67 eta 48 galtzen amaitu zuen.

Pasa den asteburuan Grupo Zaher ISBk Euskal Ligako bigarren faseko bosgarren porrota jasan zuen. Borja Bellosoren taldea gai izan zen atsedenaldi arte Unamuno taldeari aurre egiteko, baina aldageletatik itzuleran etxeko taldeak partidua apurtu zuen eta talde azpeitiarrak ezin izan zuen ezer egin garaipenari eusteko.

Iraurgiko taldea Iban Loinazen eta Aitor Arrietaren baja garrantzitsuekin iritsi zen partidura, baina bestalde Ibai Eizagirreren itzuleraren berri onarekin. Hala ere, azken honen pozak ez zuen gehiegi iraun, jokoko lehen minutuetan berriro min hartu eta lesio garrantzitsu bat pairatu baitzuen.

Partidua eraso askorekin eta defentsa gutxirekin hasi zen. Bi taldeak erasoko jokoan kontzentratu ziren eta horrek puntu askoko laurdena ahalbideratu zuen. Kanpoko taldeak ezin izan zuen etxeko taldearen erasoa gelditu baina saski aurrean asko asmatu zuen eta laurdena aurretik amaitu zuen: 19 eta 23.

Bigarren laurdenean bi taldeek taktika aldatzea erabaki zuten eta defentsan zentratu ziren. Horrela, biek ala biek zailtasun ugari izan zituzten saskiratzeak lortzeko; lehen 6 minutuetan etxeko taldeak lau puntu sartu eta partidua berdindu zuen. Azkenean, biak apur bat esnatu eta atsedenaldira Zaher ISB 6 puntuz galtzen iritsi zen: 33 eta 27.

Hortik aurrera, Grupo Zaher ISB beherantz joan zen. Errotazio gutxi izateari falten arazoak gehitu zitzaizkion eta etxeko taldeak aukera hori aprobetxatu zuen partidua bere terrenora eramateko. Horrela, apurka tarteak zabaltzen joan ziren eta partidu amaieran emaitza bilbotarren aldekoa zen: 67 eta 48.

Iraurgiko entrenatzailea gustura agertu zen taldeak lehen minutuetan egindako jokoarekin, baina bere iritziz “ hasieran egindako jokoari jarraipena ematea” falta izan zitzaien. Bere ustetan, jokalariak berreskuratzen dituztenean gai izango dira “ intentsitatea mantentzeko partidu osoan, bai erasoan eta baita defentsan ere” .

Datorren larunbatean, hilak 14, Grupo Zaher ISBk liderraren, Easo 99 Aitzgorriren, aurka jokatuko du 13:00etan Azkoitiko kiroldegian.