Glual Hydraulics ISBk sendo jarraitzen du lehen posturako borrokan

img
Argazkia: Iraurgi SB.

Ander Arrutiren taldeak gogor lehiatu behar izan zuen Easo 98 Ari irabazteko Azpeitiko kiroldegian.

Pasa den igandean, oso partidu gogorra jokatu zuen Glual Hydraulics ISBk Azpeitiko kiroldegian. Euskal Ligako bigarren fasean ohikoa den bezala, oso partidu berdindua izan zen igandekoa, eta Ander Arrutiren mutilek gogor borrokatu behar izan zuten Easo 98A ri irabazteko. Gorabehera askoren ondoren 64 eta 58 irabazten amaitu zuen etxeko taldeak. Partidu hori irabazita lehen posturako borrokan jarraitzen du Iraurgiko taldeak.

Bi taldeek partidua erritmo bizian hasi zuten, biek ala biek aukera onak bilatu nahi zituzten erasoan baina defentsen gogortasuna zela medio saskiratze gutxi lortu zituzten. Laurden horretan, atzeko lana gailendu zen, eta bi taldeei asko kostatu zitzaien saskiratzea. Beraz, puntu gutxiko laurdena izan zen: 11 eta 14.

Bigarren laurdenean, aldiz, etxeko taldea guztiz esnatu zen. Defentsa gogortu zuten Glualeko mutilek eta horri esker baloiak lapurtu eta kontraeraso azkarrak egin zituzten. Partiduari beraien erritmoa ezarrita 18 eta 3ko partziala sartu zuten Arrutirenek eta 12 puntutako abantaila lortu zuten. Donostiarrek, ordea, ez zuten amore eman nahi izan eta azken orduko bultzadatxoaz tartea laburtu zuten: 31 eta 24.

Easoren azken bultzadatxo horrek hirugarren laurdenean jarraipena izan zuen. Aldageletatik itzuliak on egin zien eta oraingoan talde donostiarra izan zen defentsan gogortu zena. Horri esker, beraiek lortu zuten partiduaren agintea eta trantsizio bizkorrei esker partiduari buelta ematea lortu zuten: 38 eta 40. Etxeko taldeak ez zekien nola gelditu bolada donostiarra eta ezinean ibili ziren laurden osoan.

Azken laurdena iritsi zenean guztia erabakitzeko zegoen. Inork ez zuen partidua galdu nahi eta bi taldeak zeukaten onena ematen aritu ziren. Erritmo biziko laurdena izan zen eta gehien asmatu zuen taldeak irabazi zuen. Markagailuak 53 eta 55ekoa islatzen zuenean etxeko taldeak bi hiruko jarraian sartu zituen eta hor partidua apurtu zuen. Hurrengo minutuetan, Arrutirenek zeukaten tartearekin jokatzen jakin zuten eta amaieran 64 eta 58 irabazi zuten.

Glual Hydraulics ISBren hurrengo partidua larunbatean, martxoak 21a, izango da. Fundacion 5+11 taldearen aurka jokatuko dute Azkoitiko kiroldegian 11:00etan. Oso partidu garrantzitsua izango da bi taldeak sailkapeneko lehen postuko borrokan baitaude.

SASKIRATZAILEAK

GLUAL HYDRAULICS ISB 64 (11+20+7+26):
Merketegi (19), Lur (8), Iker (5), Xuban (3), Amets (4), Oteiza, Astigarraga (14), Jon Ander, Xabi (5), Jon (4), Aritz eta Alain (2).

EASO 98 A 58(14+10+16+18):
Bordenave , Cordon, Corona , Etxezarreta (3), Esnal, Beraza (5), Larrinaga (2), Fernandez, Ibarloza (9), Azurmendi (18), Sanz (14) eta Txintxurreta (9).