Bigarren garaipena jarraian Disdira Bitxitegia ISBrentzat

img
Argazkia: Iraurgi SB.

La Salleri 79 eta 58 irabazita lauko finalerako txartela eskuratzeko lehian jarraitzen du.

Pasa den asteburuan garaipen garrantzitsua eskuratu zuen Disdira Bitxitegia ISBk hurrengo faserako sailkapena lortzeko asmotan. 79 eta 58 irabazi zion Omega Peripherals La Salleri eta bi dira dagoeneko jarraian lortu dituen garaipenak. Alex Astigarragaren taldeari bost partidu falta zaizkio lehen fasea amaitzeko, eta 7 talde ari dira borrokan lauko finalera pasea ematen dien lau postuetarako. Gauzak horrela, Iraurgiko taldeari bost final gelditzen zaizkiola esan dezakegu.

Disdira Bitxitegia ISBk bazekien partiduaren garrantzia izugarria zela eta hasieratik huts gutxi egin zituen. Gogotsu egin zuten salto kantxara gure mutilek eta gogor borrokatu zuten minutu bakoitza. Hala ere, lehen laurdenean hiruko jaurtiketa asko egin zituzten eta ez zuten ehuneko ona izan. Ondorioz, lehenengo laurdena 16 eta 15 amaitu zuten.

Bigarren laurdenean defentsako lana hobetu zuen Astigarragaren taldeak, eta zaila egin zitzaien Bilboko jokalariei puntuak lortzea. Beti bezala, gureek ondo defendituz eta partiduaren erritmoa kontrolatuz askoz erosoago jokatu zuten eta emaitza hobeak lortu zituzten. Gainera, kanpoko jaurtiketetan ehuneko ona izan zuten eta atsedenaldira 32 eta 25 irabazten iritsi ziren.

Atsedenaldiak on egin zien Disdira Bitxitegia ISBko mutilei. Ordura arte joko ona egin bazuten, hortik aurrera are hobea egin zuten. Jokalari guztiek ondo erantzun zuten, bai hasieratik jardun zirenek eta baita aulkitik irten zirenek ere. Talde lan polita egin zuten eta partidua apurtu zuten 27 eta 13ko partziala eginda.

Partiduko azken laurdena 16 puntutako aldearekin hasi zuten Iraurgikoek, baina hala ere borrokan jarraitu zuten. Horrela, azken 10 minutuak ere etxeko taldearentzat izan ziren, eta bigarrenez partiduko laurden guztiak irabazi zituen Disdira Bitxitegiak. Azkenean 79 eta 58 irabazi zuten Astigarragaren mutilek.

Datorren larunbatean, martxoak 21a, Disdira Bitxitegia ISBk Urdaneta taldearen aurka jokatuko du. Sailkapeneko beheko aldean dagoen taldea izan arren, behetik gora doan taldea da eta ISBn jokatu zuen Marcos Casado jokalari bikaina dute erreferente. Gogor borrokatu beharko dute gure mutilek garaipena eskuratzeko, eta lortuz gero oso garrantzitsua izango da sailkapenerako.

Saskiratzaileak: X. Aldalur (7), Urbizu (6), B. Aldalur (3), J. Amenabar (6), U. Amenabar (12), Azkue (6), Artola, Agirre (5), Etxaniz (16), Alberdi (14), Goenaga, Altzibar (3).