Gora begira jarraitzen du Zurt Taberna ISBk

img
Argazkia: Javier Zurbano.

Garaipen garrantzitsua lortu zuen Joseba Lizarralderen taldeak bosgarren sailkatuaren aurka eta horrela, bi partidutara dauka hirugarren sailkatua lau jardunaldiren faltan.

Pasa den asteburuan Zurt Taberna ISBk oso partidu garrantzitsua jokatu zuen Burlada taldearen aurka Azpeitiko kiroldegian. Oso partidu serioa jokatu zuen Iraurgi Saski Baloi klubeko nesken lehen taldeak eta espero baino errazago irabazi zuen. Neurketa osoan aurretik izan ostean, Joseba Lizarralderen neskek 60 eta 42 irabazten amaitu zuten sailkapeneko bosgarren sailkatuaren aurka. Partidu hori irabazita bi norgehiagoketara dauka hirugarren sailkatua Zurt Tabernak eta garaipen batera lehen sailkatua, lau jardunaldiren faltan.

Zurt Taberna ISBk ligako talderik saskiratzaileenaren aurka jokatu zuen igandean, eta hasieratik bazekien bere defentsako lana nahitaezkoa izango zela garaipena eskuratzeko. Beraz, lehen minututik gogor defenditzen hasi ziren gure neskak, eta ez zien erraz saskiratzen utzi kanpoko jokalariei. Etxeko taldeari ere, ordea, izugarri kosta zitzaion lehen puntuak lortzea, saskipean bakarrik egonda ere huts egiten baitzuten lehen minutuetan. Behin sartzen hasi zirenean, baina, hamaika eta hutseko partziala lortu zuten eta partiduko lehen aldeak lortu zituzten. Horrela, aurreneko laurdena zazpi puntuko abantailarekin amaitu zuten.

Bigarren laurden hasieran berriro nafarrek hartu zuten partiduaren domeinua. Bost eta hutseko partziala egin zuten eta markagailuan gerturatu ziren. Lizarraldek hutsartea eskatu zuen erritmo txarrari amaiera emateko, eta ondo etorri zitzaion atsedenalditxoa Zurt Tabernari. Iraurgiko neskak berriro lanean hasi ziren, eta errebotea ondo kontrolatuz eta baloiak lapurtuz korrika egiteko aukera izan zuten. Apurka-apurka tartea zabaltzen joan zen Iraurgiko taldea eta atsedenaldian 15 puntutako aldea zeukan.

Astero bezala hirugarren laurdenaren garrantziaz hitz egin zuten gure neskek aldageletan eta partidua guztiz apurtzeko intentzioz egin zuten salto kantxara. Defentsako lan onarekin jarraitu zuten eta erasoan abiadura sartu zien baloiari. Horrela, Burladakoek ez zuten aukerarik izan partiduan sartzeko, eta laurden amaieran 25 puntugatik irabazten zuen etxeko taldeak.

Azken laurdenak ez zuen istorio gehiagorik izan. Iraurgikoek partidua irabazita ikusi zuten, eta erlaxatu egin ziren. Aurkariek, berriz, emaitza pixka bat makillatzeko aukera izan zuten. Hori dela eta, azkenean 60 eta 42 irabazten amaitu zuen Zurt Taberna ISBk.

Hemendik denboraldi amaierara lau final jokatuko ditu Zurt Taberna ISBk. Denak irabaziz gero (DBN Bera Berari 7 puntu baino gehiagoz) zuzenean igoera faserako txartela ematen duen lehen postua lortu dezakete gure neskek. Horregatik, datorren asteko partidua hil ala bizikoa izango da Zurtekoentzat. Igandean 12:00etan Barañainen jokatuko dute Lagunak taldearen aurka.

Partzialak: 15-8, 19-11 18-8, 8-15

ZURT TABERNA ISB

Garazi Arregi (5), Maite Lizarazu (13), Eider Bereziartua (6), Oihane Aizpurua (2), Intza Lizarazu (9), Itsaso Astigarraga (9), Ane Goenaga, Maitane Gurrutxaga (2), Aitziber Besga (7), Eneritz Larrañaga (7)

BURLADA

Gastaminza (11), Zueco (7), Berro (2), Etxeberria (4), Parra (7), Setoain (6), Marrodan (1), Tollar (4), Ayerra