Azken unean ihes egin zion garaipenak Glual Hydraulics ISBri

img
Argazkia: Javier Zurbano.

64 eta 65 galtzen amaitu zuten Fundacion 5+11 taldearen aurka emozioz beteriko partiduan. Porrot horrekin, bigarren postura pasa da Iraurgiko taldea.

Pasa den asteburuan lidergotza jokoan zen partidua jokatu zuen Glual Hydraulics ISBk Azkoitiko Elkargunean. Fundacion 5+11 eta Iraurgiko taldea garaipen kopuru berdinekin iritsi ziren partidura, eta espero zen bezala, oso partidu lehiatua jokatu zuten. Partiduaren zati handi batean aurretik izan zen arren, azkenean 64 eta 65 galtzen amaitu zuen Ander Arrutiren taldeak. Porrot horrekin, bigarren postura pasa dira gure mutilak bi jardunaldiren faltan.

Giro bikainarekin eta harmailak goraino beteta zeudela hasi zen partidua Azkoitian. Partiduaren garrantzia airean arnasten zen, eta gure mutilek zentratuta ekin zieten neurketari. Hasieratik erritmo bizia jarri zuten kantxan eta ondorioz, lehenengo abantailak zabaltzea lortu zituzten. Talde gasteiztarrak, ordea, hasieratik utzi zuen garbi ez zuela amore emango eta zonakako defentsan jarrita ez zien utzi Glualekoei markagailuan ihes egiten. Laurden amaieran 16 eta 12koa zen emaitza.

Etxeko taldeak ezin izan zion lehen hamar minutuetako erritmo biziari jarraipena eman. Ataskatuta gelditu ziren eta laurdeneko bost minututan puntu bat bakarrik sartzea lortu zuten. Hala ere, Iraurgiko taldeak ez zuen lanerako gogoa galdu eta apurka, berriro, partiduko erritmoa bereganatu zuen. Lan onari esker, aldageletara iritsi aurretik partziala egin eta partiduari berriro buelta eman zien ISBkoek eta atsedenaldira 33 eta 28 irabazten iritsi ziren.

Aldageletatik itzuliak ez zien on egin Glual Hydraulics ISBkoei. Gasteiztarrek 0 eta 7ko partziala egin zuten eta berriro markagailuan aurretik jarri ziren. Hortik aurrera, tentsioa handitu zen partiduan eta saskiratze trukean aritu ziren bi taldeak. Laurden amaieran, etxeko taldearen abantaila minimoa zen: 48 eta 47.

Laurden erabakigarria oso borrokatua izan zen. Etxeko taldeak hiruko jaurtiketetatik asko asmatu zuen eta 4 minuturen faltan abantaila polita zeukan bere alde: 64 eta 58. Baina, partidua ia erabakita zegoela zirudienean, gasteiztarrek borrokarako grina erakutsi zuten eta gogor lanean hasi ziren. Iraurgikoek hainbat akats egin zuten, eta gasteiztarrek hori aprobetxatu zuten saskiratzeko. Amaieran, bi taldeek izan zuten partidua irabazteko aukera, baina oraingoan txanpona gasteiztarren alde erori zen, eta 65 eta 64 galtzen amaitu zuten gure mutilek.

GLUAL HYDRAULICS ISB 64 (16+17+15+16):
Merketegi (27), Lur (14), Iker (-), Xuban (2), Amets (0), Oteiza (-), Astigarraga (13), Jon Ander (-), Xabi (7), Jon (1), Aritz (0) eta Alain (-).

FUNDACION 5+11 65 (12+16+19+18):
Ogueta (0), Eguileta (4), Mendizabal (11), Uriarte (25), Macura (8), Perez (1), Galilea (-), Petrusev (-), Andres (10) eta Martinez (6).