“Denboraldia biribiltzea gustatuko litzaiguke”

img
Argazkia: Iraurgi SB.

Zurt Taberna ISB denboraldi bikaina egiten ari da eta guztia lortzeko aukera daukate oraindik. Joseba Lizarralde entrenatzailearekin hitz egin dugu.

Zurt Taberna ISB izugarrizko denboraldia ari da egiten. Liga amaitzeko hiru partidu bakarrik falta zaizkio eta lauko finalerako sailkapena lortua du dagoeneko. Denboraldi hasieratik lesioek gogor jo zuten gure nesken taldea, baina hala ere gogor lana egin eta bigarren postutik ez dira jaitsi urte osoan. Joseba Lizarralde entrenatzailearekin hitz egin dugu bere iritzia eman diezagun.

Denboraldi historikoa ari da egiten Nesken Lehen mailako taldea. Nola bizi duzu?

Oso ondo ari gara bizitzen. Oraingoz lauko finalerako sailkatu gara, bigarren urtez jarraian, eta hori gu bezalako klub batentzat izugarrizko lorpena da. Bost jardunaldiren faltan lortu genuen sailkapena eta hori, jada, gure helburua betetzea baino gehiago da. Orain, ordea, denboraldia biribiltzea gustatuko litzaiguke, eta oraingoz dena posible da. Hori bai izango litzatekeela historikoa…

Baja asko izan dituzue eta partidu ugari jokatu dituzue jokalari guztiak izan gabe. Zein da sekretua sailkapenean aurrean egoteko?

Egia esateko, denboraldi hasiera oso gogorra izan zen talde osoarentzat. Iratiren, Maiteren eta Naroaren lesio larriak oso gogorrak izan ziren taldeko neskentzat. Baina lanari eta buruzaletasunari esker burua altxa genuen eta gogor lan egin dugu garaipenak beraiei eskaintzeko. Sekretu bakarrak taldearen lanerako gogoa eta nesken arteko giro ona dira.

Zaila da astero garaipenak lortzea, baina zuek, Zurteko taldekideok, lortu duzue. Zortea? Ondo egindako lana?

Gertatutakoarekin mentalizatu egiten zara. Baina zortea ez, izatekotan lesioen zorte txarra. Benetakoa nesken konpromisoa da. Adibidez, bi seniorrek ezin dute aste osoan taldearekin entrenatu, baina ostiraletan unibertsitatetik irten ondoren bakarrik entrenatzen dute ahalik eta ondoen egoteko asteburuan. Nire iritziz, nesken konpromisoa eta ilusioa dira gauden lekura eraman gaituztenak.

Hitz egiguzu zure jokalariei buruz eta beraien konpromiso handiaz. Nola lortzen da astero ilusioa mantentzea eta lehiakorrak izatea?

Lehenik eta behin jokalari guztien kalitatea nabarmendu nahiko nuke. Gehienak Euskadiko txapeldunak izan dira kategoria txikiagoetan, Espainiako Txapelketak jokatu dituzte eta Euskadiko Selekzioetan hautatuak izan dira. Zortzi seniorrek kalitate handia daukate, eta gainera astero laguntzen digun junior taldearekin ere kontatzen dugu. Junior askok jokatu dute aurten Zurtekin eta entrenamenduetan lagundu digute. Horrek entrenamenduetako maila igotzeko lagundu digu eta aldi berean, beraiek ere maila igotzeko aukera izan dute. Dudarik gabe Aranurren laguntza da gakoetako bat gure denboraldia hain ona izateko.

Lauko finala lortuta. Eta orain? Igoeraren bila?

Garbi daukagu. Lagunaki Barañainen irabazi ostean lehen postuaren bila irtengo dugu. Ezin badugu lortu, bigarren gelditzen saiatuko gara lauko finala Azpeitian jokatzeko. Ligan bigarren gelditzea izugarrizko lorpena izango litzateke.

Posible al da LF-2 mailan taldea edukitzea eskualdean? Eta, posible izango al litzateke denborarekin horri jarraipena ematea?

Jokalarien kalitatea kontutan izanez gero, bai, posible da. Baina oso zaila da ia jokalari guztiak unibertsitatean ikasten ari baitira eta askok ostiraletan bakarrik entrenatzen baitute. Baina, denborarekin ikusiko da.

Kontziente al dira herrian nesken mailako talde batek (jokalari guztiak etxekoak izanik) Espainiako bigarren mailarako plaza bat eskuratu dezakeela? Zure iritziz taldeak merezi duen babesa jaso al du?

Jendearen babesarekin oso gustura gaude. Jarraitzaile taldetxo fidela daukagu eta asko dira Zurti jarraitzen diotenak. Beraien babesa ezinbestekoa da lortzen ari garen emaitzak lortzeko. Gure jarraitzaileentzat esker oneko hitzak bakarrik dauzkagu.

Definitu hiru hitzetan saskibaloia ulertzeko zure era.

Defentsako sendotasuna, intentsitatea, agresibitatea eta abiadura. Iraurgiko joko estiloa dela esan daiteke.

Azkenekoz, egia al da mihi gaiztoek dioten bezala “negartia” zarela?

Horixe esango nuke, mihi gaiztoak direla. Edozein entrenatzailek egingo luke “negar” lehenengo hilean hiru jokalari galdu balitu denboraldi osorako. Eta hori pasa zait niri. Hainbat partidutara sei seniorrekin eta bi juniorrekin bakarrik joan gara, eta borrokatu egin ditugu. Nik esango nuke zuhurra naizela, eta hori negartia izatea bada, hala naiz.

Eskerrik asko eta jarraitu lanean