Lauko Finalari begira

img

Zailtasun handirik gabe irabazi zion Glual ISBk Tabirako Baqueri. Arrutiren mutilentzat Euskadiko Txapelketarako prestaketa ona izan zen.

Glual Hydraulics ISBk erritmoz bizi hasi zuen partidua, kantxa osoan presioa eginez eta erasoan aukera onena bilatuz. Tabirako Baquekoak, berriz, defentsako baino erasoko gogo gehiagorekin etorri ziren Azpeitiko Kiroldegira. Iraurgiko mutilek erasoan oso irakurketa onak egin zituzten, eta nagusitasunik ez zuten jokaldietan pazientziaz jokatu zuten jaurtiketa onak bilatuz. Azken minutuetako bi baloi lapurtzeri esker Glualek tarte garrantzitsua zabaldu zuen markagailuan, lehen laurdena amaitu baino lehen: 19 eta 13.

Bigarren laurdenean etxekoek oso defentsa ona egin zuten. Aspektu horretan kontzentratuta irten ziren pistara eta laguntzak ematen eta lehen lerroak estutzen aritu ziren. Gainera, errebotea ere kaudimenez kontrolatu zuten. Erasoan, ordea, nahiz eta baloia ondo mugitu ez ziren gai izan erraz saskiratzeko. Aurkariek, aldiz, defentsan hobekuntza egin zuten, baina erasoan azkarregi jaurtitzeari ekin zien. Gainera, errebotera joateari utzi zien, eta etxeko taldeak 10 puntutako abantaila lortu zuen atsedenaldi aurretik.

Aldageletatik itzuliak ez zituen gauzak gehiegi aldatu partiduan. Glual Hydraulicsek defentsako lana areagotu egin zuen baina erasoan prezipitazioak jo zuen. Ondorioz, jaurtiketa txarrak aukeratu zituen eta ezin izan zion jarraipenik eman bere jokoari. Tabirakok, berriz, defentsa ona eginez hasi arren laurdena, segituan erasoko jokoan zentratu zen, eta banakako jokoan utzi zuen pisu guztia. Etxeko taldeak zuen partiduko kontrol osoa nahiz eta markagailuak ez hori adierazi.

Azken laurdenak ez zuen istorio gehiegirik izan. Arrutiren mutilek defendituz jarraitu zuten eta lapurtutako baloiei esker kontraeraso onak egin zituzten. Tabirakokoek berriz besoak jaitsi zituzten: talde lanik ez eta banakako joko gehiegi. Amaieran, etxeko taldea izan zen merezitako garailea.

Datorren asteburuan Glual Hydraulics ISBk Euskadiko Lauko Finala jokatuko du, eta erraza izango ez duen arren, Ander Arrutiren taldea prest dago guztiekin borroka egiteko. Oraindik ez dago garbi non jokatuko den final hori, baina gure mutilek Easo Aren aurka jokatuko dute semifinala.

GLUAL 57 – 40 TABIRAKO

PARTZIALAK: 19-13 / 12-8 / 12-9 / 14-10

GLUAL: Merketegi (16), Lur (5), Iker (4), Xuban (2), Amets (2), Oteiza, Astigarraga (9), Jon Ander, Martínez (5), Zabarte (8), Aritz (4) y Sudupe (2)

TABIRAKO: Calle, Arizmendiarrieta (2), Uriarte (4), Cortazar, Arriaran (2), Moran (2), Gorritxategi (11), Arroitajauregi (13) y Castellanos (6)