Baskonia Euskadiko txapeldun bilakatu da

img

Glual Hydraulics ISBk partidu ona jokatu du, baina azken laurdenean ihes egin dio txapelak. Izugarrizko partidua jokatu dute bi taldeek Azpeitiko kiroldegian.

.Lehen laurdena erritmo handikoa izan da, bai erasoan eta baita defentsan ere. Baskoniakoek beraien fisiko nagusitasuna eta kalitate altua ezarri dituzte. Bi taldeek gogor defenditu dute eta lasterka egiten saiatu dira. Iraurgikoek gogotsu defenditu arren zailtasunak izan dituzte kanpoko taldeko altuera handiko jokalariak gelditzeko. Erasoan, berriz, asko asmatu dute bai kanpotik eta baita bat baten aurka ere. Glual Hydraulics ISBk hala ere, ondo gelditu du Baskoniako taldea eta apurka jokoko kontrola lortzen joan da. Horrela, laurdena oso sentsazio onekin amaitu du.

Baina, lehen laurdenean Glualen defentsako lana ona izan dela esan badugu, bigarrengoan ikusgarria izan dela esango dugu. Errebotea eskuratzeko borroka izugarria izan da eta Glualekoak esperto bilakatu dira horretan. Nahiz eta fisikoki txikiagoak izan, Iraurgiko mutilek izugarrizko esfortzua egin dute. Kanpoko jokalariek, berriz, maila bera mantendu dute defentsan eta bat baten kontrakoetan nibela bi maila igo dute. Eta ez hori bakarrik, erasoan ere etxeko mutilek ondo jokatzen jarraitu dute: kanpotik asmatzen eta bat baten kontra erraz apurtzen. Horrela, markagailuari buelta eman die eta hiru puntu goitik joan dira atsedenaldira.

Lehen zatia ikusgarria izan bada, hirugarren laurdenak ez dauka hitzik deskribatzeko. Izugarrizko ikuskizuna eman dute bi taldeek, batez ere erasoan. Eraso bakoitzean saskiratzea ikusi ahal izan dugu, nahiz eta defentsako maila oso altua izan. Hori dela eta, markagailuan txandatze ugari egon dira eta bi taldeetako inork ez du ahuleziarik izan. Goraino beteta zegoen Azpeitiko harmailak asko disfrutatu du laurdena, bi taldeen artean 54 puntu lortu baitituzte laurdenean: 30 eta 24.

Baskoniak partidua apurtzeko asmoarekin hasi du laurdena, baina Glualen defentsako lan onak saiakera hori gelditu du. Baina minutuek aurrera egin ahala, etxeko taldearen akatsak pisua hartzen joan dira eta Baskoniak gogor kastigatu ditu huts horiek. Hiru minutu faltan talde gasteiztarrak 6 puntutako abantaila zeukan eta gureak hustuta gelditu direla zirudien. Hala ere, Merketegik eta Goenagak saskiaren bila jarraitu dute gogor. Zoritxarrez nekea nabaritu dute Iraurgiko mutilek, eta Baskoniakoen kontzentrazio maila altuak ez die eman aukera gureei sorpresa emateko.

Horrela, Baskoniak lortu du irabaztea eta Euskadiko Txapeldun bilakatu da. Gaur hobeak izan dira eta ezin zaie ezer eztabaidatu. Bestalde, Glualekoek zapore gazi gozoarekin amaitu dute, baina denboraldi osoari begiratuz gero, izugarria da talde horrek erakutsi duen lehiaketarako indarra. Zorionak, beraz, bi taldeei!

FUNDACIÓN 5+11 80 – GLUAL 73

Partzialak: 21-19 / 17-23/ 30-24 / 12-8

FUNDACIÓN 5+11: Nicola, Mendizabal (15), Uriarte (8), Macura (2), Pérez (11), Zugazua, Sedekerskis (18), Petrusev (11), Andrés (8), Martínez (4) y López (3)

GLUAL: Merketegi (31), Goenaga (23), Urretavizcaya, Azpitarte, Arrieta, Amubieta (2), Oteiza, Astigarraga (10), Zabarte (5), Mujica y Larrañaga.