Eskuak dar-darrik egin ez eta… Aranur ISB txapeldun!

img

Iraurgiko junior neskak Euskadiko lehenak bezala joango dira Espainiako Txapelketara. Aritz Aldalurren neskak erraz irabazi diote Loiola Indautxuri, aurreko eguneko esfortzua nabaritu baitzuten azken horiek.

Esaten dutenez zerbait lortzeko gogotik borrokatuz gero beti iristen omen da saria. Aranurrek denboraldi osoko lan onaren emaitza jaso du, gaur, eta Euskadiko txapeldun bilakatu da. Egun historikoa izan da gaurkoa ere klubarentzat, eskualdeko saskibaloiarentzat eta Gipuzkoarentzat.

Tentuz ekin diote partiduari bi taldeek, errespetuz beteta eta espekulaziotan aritzeko gogo gutxirekin. Bien helburua saskiratzerik ez lortzea izan da eta defentsan zentratu dira bi taldeak. Aranurrek lehen momentutik zonakako defentsa planteatu du, horrela, errazagoa baita fisiko handiagoa duen taldearen aurka jokatzea. Horrez gain, erasoan hobeto jokatu dute Loiolakoek baino. Lehen laurdena oso taktikoa izan da.

Bigarren laurdenean egon da ikuskizun gutxien partiduan. Bi taldeak defentsan asko zentratu dira eta erasoa alde batera utzi dute. Saskiratzeak lortzeko zailtasun handiak izan dituzte bi taldeek, eta biak ala biak zonakako defentsan jarrita gehiago kostatu zaie saskipera iristea. Horrela, 9 eta 8 amaitu da laurdena eta gure neskak 6 puntutako abantaila izan dute atsedenaldian.

Aranurreko neskak ideia garbiekin irten dira aldageletatik. Eneritzek lortutako bi hirukori esker tartea 10 puntutaraino zabaldu dute eta Aurrek hutsartea eskatu behar izan du partidua gelditzeko. Kanpoko entrenatzaileak defentsa aldaketa bat planteatu arren, ezin izan ditu gure neskak gelditu eta horiek partidua apurtu dute. Loiolakoek beherantz egin dute eta beraien fisiko nagusitasuna galdu dute. Kanpoko jaurtiketetan ez dute bate asmatu eta gure neskek txapela gertu ikusi dute.

Partidua amaitzeko 7 minutu falta zirela Aranur ISB 18 puntuz irabazten ari zen eta harmaila garaipena ospatzen hasi da. Hala ere, Loiolakoek ez zeukaten ezer oparitzeko asmoa eta banakako akzioei esker tartea laburtu dute. Baina posesioko azken segundoan Eneritzek lortutako hiruko batek partidua amaitutzat utzi du eta Iraurgiko neskak Euskadiko Txapeldun bilakatu ditu. Bizkaitarrak besoak jaitsi dituzte eta bigarren postuaz gozatu dute. Galdu dutelako pena nabari zen beraietan, baina Espainiako Txapelketarako txartela lortu dutelako poza.

Eta zer esan Aritzen jokalariez. Konstantzia, iraunkortasuna, ohorea, beraien aukeretan fedea, umiltasuna… gehiago esan ditzakegu baina nahikoak direla uste dut.

Amets onak gutxitan betetzen dira.

Gaur beraiena bete da.

ZORIONAK!!!

Aranur ISB 47 – 36 Loiola Indautxu

PARCIALES: 14-9 / 9-8 (23-17) / 16-7 / 8-12

ARANUR ISB: Larrañaga. L (5), Olaizola L, Bereziartua (8), Dominguez, Galdos (12), Olarte A, Beobide, Soraluze, Larrañaga E (11), Aizpurua (9), Lizundia (2).

LOIOLA INDAUTXU: San Juan (3), Urrutia (5), Alonso, Zugazaga (7), Ariztimuño (6), Anzola, Gonzalez, Jorde (4), Monreal (4), Herrera (2), Benito Del Valle (5) y Nalladares.