VII Garagardo Azoka (Azkoitia)

img

Martxan da Iraurgi Saski Baloiak antolatzen duen festa.

Dagoeneko zehaztuta dauka Iraurgi Saski Baloi klubak Azkoitiko VII. Garagardo Azoka, zazpigarren urtez jarraian. Festa hori ondo bermatuta dator azken urteotan eta guztiok oso gustura hartzen dugun gertaera da. Klubak saskibaloiko lana egiten jarraitzeko beharrezkoa du diru-kutxan zerbait izatea, eta horretarako antolatzen dituen ekintzetako bat da hori. Lan gogorra izan ohi da, eta egin ezina da hainbeste boluntarioren eskua ez izanez gero. Beraiek gabe ezinezkoa izango litzateke apirilaren 30ean ateak irekiko dituen eta maiatzaren 9a arte irekita egongo den zazpigarren edizio hau egitea. Beraz, eskerrik asko.

Aurtengoan, gainera, izugarrizko berri onak ditu ekitaldiak: Anaitasunak eta Iraurgik indarrak batu dituzte ekintza hau ahaztezin bihurtzeko. Bi taldeek elkarlanean emango dute aurrera jazoera hori eta elkarlan hau benetan gertaera garrantzitsua da Azkoitiarentzat, eta aurrera pausu handia gure herrientzat. Zoritxarrez saskibaloiak eta futbolak beti izan dituzte erlazio zailak eta konplikatuak, eta hori dela eta kolaborazio hau benetan baloratzeko lorpena da. Ziur gaude aurtengoa inoizkoa baino azoka hobea izango dela eta esperantza daukagu erlazio hau luzea eta emankorra izango dela.

Aurtengo azokak era eta kolore guztietako jarduerak izango ditu bere barnean hainbat egunetan. Ondorengoa da antolatutako programa:

Apirilak 30, osteguna.

20:00. Karparen inaugurazioa luxuzko bi babesle azkoitiarrekin: Igor Zubeldia (Real Sociedad – Espainiako selekzioa) eta Xabier Oroz (Gipuzkoa Basket).

22:30. Herriko DJak goizaldera arte giroa ezarriz.

Maiatzak 1, ostirala.

19:00. Azkoitiko bertsolariak eta trikitilariak afaria girotzen arituko dira beraien doinu eta bertsoekin.

Maiatzak 2, larunbata.

16:00. Mus txapelketa. Inskripzioa bikoteko 30 euro kostatuko da eta ondorengo lekuetan egin ahalko da (Azokako karpaz gain):

Azkoitiko Zurt Tabernan / Azkoitiko Olaberri Tabernan / Azpeitiko ISB Tabernan.

SARIAK:

1.- 1000 Euro + garaikurra + txapela.
2.- 500 Euro + 2 afari.
3.- 250 Euro + 2 afari.
4.- 2 afari.

23:00. Oihan Vega DJa ezaguna izango da gaueko izarra. Azokarentzat luxua izango da bere presentzia eta bere erritmoak izatea.

Maiatzak 5, asteartea.

19:00. Herriko arropa dendek antolatutako modako desfilea. Azoka modako azken tendentziak ikusteko ibiltokia bihurtuko da.

Maiatzak 6, asteazkena.

19:00. Anaitasunako ekipo guztien presentazio ofiziala egingo da.

Champions Leageko finala pantaila handian ikusteko aukera izango da. Gainera, afariak zerbitzatuko dira.

Maiatzak 7, osteguna.

19:00. Kirol munduko hainbat pertsona ospetsurekin tertulia: Txetxu Urbieta izango da moderatzaile eta Javier Clemente, Miguel Santos, Jose Luis Larrea eta Jaume Ponsarnau izango dira tertulianoak. Saskibaloia eta futbola maite duten guztiek galdu ezin duten hitzordua.

Maiatzak 8, ostirala.

19:00. Iraurgiko taldeen aurkezpena.

23:00 Tania de Sousaren kontzertua. Abeslari zestoarrak banakako karrera hasi du Zuloak eta The Dispositives taldeenta ibili ostean. Fermin Muguruzarekin batera atera duen lehen diskoak harrera ona izan du eta hutsunetxoa zabaldu du Euskal musikaren barruan. Izugarrizko aukera ona da abeslari on onen emanaldia ikusteko, etorri!

Maiatzak 9, larunbata.

10:00 Salestarren pintxo solidarioa.

17:00. Pailazoak. Txikienek (eta ez hain txikiek) ere festa izango dute karpa barruan.

23:00. Emon taldeak itxiko du azokako azken eguna. Aritz Alustiza trikitilariak zuzenduta, Emonek dantza egiteko kantuak aukeratu ditu bere lehen “Konfeti koloretsu” diskoan. Bere azken lana “Sua”k rumba, ska, cumbia, merengue eta salsa erritmoak fusionatzen ditu.

Ikusten duzuenez oso programa erakargarria du ekitaldiak, baina benetan garrantzitsuena bertoko pertsonen giza kalitatea da. Etorri gu ezagutzera!