Zurt Taberna ISBk bigarren postuan amaituko du fase erregularra

img

58 eta 56 galdu zuen Tabirako Baque taldearen aurka gora behera askoko partiduan. Joseba Lizarralderen neskek Azpeitian jokatuko dute igoera fasera sailkatzeko lauko finala maiatzean.

Denboraldiko laugarren porrota jasan zuen Zurt Taberna ISBk pasa den igandean Durangon. Klubeko senior neskek ezer gutxi jokatzen zuten fase erregularreko azken bigarren partiduan, eta partidu eskasa egin eta 58 eta 56 galtzen amaitu zuten. Porrot horri DBN Bera Beraren garaipena lotuta ezin izango dute gure neskek lehen postua lortu, eta ondorioz bigarren postua ziurtatuta daukate partidu baten faltan.

Lehenengo laurdena oso berdindua izan zen Durangon. Defentsak gailendu ziren partiduan eta asko kostatu zitzaien bi taldeei saskiratzeak lortzea. Partiduko erritmoa kontrolatu ezinean ibili ziren bi taldeak, eta gureek puntu batez irabazten amaitu zuten laurdena.

Bigarrena ere ildo beretik hasi zen, baina minutuak egin ahala durangarrak beraien jokoa hobetzen hasi ziren. Erraz aurkitzen zuten Iraurgikoen saskia, eta Zurtekoek, berriz, arazo handiak izaten jarraitu zuten saskiratzeak lortzeko. Gainera, ez zuten kanpoko jaurtiketetan batere asmatu. Atsedenaldi aurretik etxeko taldeko Fernandezen eskutik sei puntutako abantaila lortu zuen Tabirakok.

Atsedenaldiak ez zion onik egin Zurt Taberna ISBri. Erasoko lanean hobekuntza egin zuten arren defentsako lanean oso gaizki aritu ziren. Hutsegite ugari egin zituzten, eta Tabirakokoek ondo aprobetxatu zuten aldea handitzeko. Horrela, hamabost puntutako abantaila izatera iritsi ziren, baina gureen azken saskiratze bati esker laurdena hamahiru puntutako aldearekin amaitu zuten.

Baina, durangarrek partidua erraz irabaziko zutela ematen zuenean Zurteko neskak esnatu egin ziren. Beraien ohiko garra atera zuten eta defentsako lan bikainari esker aldeak laburtzen joan ziren apurka-apurka. Laurden bikaina jokatu arren, ordea, azken hiruko jaurtiketa ez zen sartu eta bi puntugatik galtzen amaitu zuten.

Partidu eskasa jokatu arren, azken laurdeneko jokoak eta jarrerak balio die Zurtekoei maiatzeko lehen asteburuan jokatuko duten Lauko Finala prestatzeko. Tartean, datorren larunbatean, Bilboko Loiola Indautxuren aurka jokatuko du gure taldeak Azpeitiko kiroldegian. 16:00etan hasiko da partidua, eta Zurtekoek garaipenarekin borobildu nahi dute eginiko txapelketa bikaina.

TABIRAKO BAQUE

Muguerza, Larrazabal (3),N. Maurtua (10), Berganza, Moreno (2), Garitaonaindia (10), M.Maurtua, Fernandez (17), Baque (19), Orue, Urain (3), Aldekoa (2).

ZURT TABERNA ISB

Garazi Arregi (10), Maite Lizarazu (11), Eider Bereziartua (8), Intza Lizarazu (11), Itsaso Astigarraga (9), Ane Goenaga, Maitane Gurrutxaga (1), Aitziber Besga (6).

ÚLTIMAS NOTICIAS

Ver todas