Garaipena eta dena jokoan azken jardunaldian

img

Disdira Bitxitegia ISBk 71 eta 68 irabazi zion Goierriko taldeari, eta orain bere esku dauka lauko finalerako txartela lortzeko aukera. Larunbatean, 18:00etan jokatuko du Loiola Indautxuren aurka Bilbon.

Alex Astigarragaren taldeak partidu eskasa jokatu zuen pasa den larunbatean Azpeitiko kiroldegian, baina irabaztea lortu zuen eta lauko finalera sartzeko aukera guztiekin jarraitzen du. Datorren larunbatean 18:00etan Bilbon jokatuko du partidu erabakigarria, eta Loiola Indautxuri irabaziz gero bigarren fasera sailkatuko da. Horretarako, Iraurgiko mutilek beharrezkoa izango dute zaleen babesa eta ondorioz, aukera izango du nahi duenak autobusean beraiekin joateko animatzera. 16:00etan anbulatorio aurrean izango da autobusa.

Disdira Bitxitegia ISBk oso ondo hasi zuen partidua pasa den larunbatean. 13 eta 0ko partziala lortu zuen lehen hiru minutuetan eta neurketa ondo bideratu zuen. Goierrikoak, ordea, ez zuten hain azkar partidua galdu nahi eta esnatu egin ziren. Hurrengo 7 minutuetan partidua ataskatu egin zen, eta talde bakoitzak 7 puntu bakarrik eskuratu zituen.

Bigarren laurdena eta hirugarrena ez ziren onak izan azpeitiarrentzat. Zeukaten abantaila guztia galdu zuten eta ez zuten asmatu urretxuarren kontra beraien erritmoa ezartzen. Baloi asko galdu zituzten eta kanpotarrek aprobetxatu egin zituzten. Horrela, 57na berdinduta amaitu zuten hirugarren laurdena.

Azken laurdena defentsan oinarritutakoa izan zen. Bi taldeek defentsan zentratu zituzten beraien indarrak, eta puntu gutxi lortu arren Iraurgikoek hiru gehiago lortu zituzten. Horrela, izerdi gehiegi bota gabe baina garaipena eskuratu zuten Disdira Bitxitegiakoek.

Orain, larunbatean denboraldiari amaiera ona emateko aukera daukate Iraurgiko mutilek. Partidu zaila jokatuko dute 3. Sailkatuaren aurka, baina gure mutilak garaipen gosez aurkitzen dira eta ziur gaude gogor borrokatuko dutela. Partidu hori irabaziz gero, lauko finalera sailkapena lortuko du Alex Astigarragaren taldeak.

Egurre Disdira Bitxitegia ISB!!! Partidua irabaztera eta 4ko finalerako txartela etxera ekartzera!!!

Saskiratzaileak: X. Aldalur (2), J. Urbizu(22) Irulegi(7), B. Aldalur(14), Jabi(-), U. Amenabar (6), Artola (-), L.Agirre (3), Etxaniz (9), Etxaniz (7), Jakes (5), Altzibar (2).