Txapeldunak, txapeldunak,TXAPELDUNAK!

img

Greziako dramak emulatuz, Eliku Dietetika ISBk Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen Easoren aurka. Emozioz beteriko partiduan, gaizki jokatu arren irabazten amaitu zuen bigarren luzapenean.

Xubiren eta Jesusen neskek sufrimendu amaigabea bizi izan zuten pasa den igandean partiduak iraun zuen 50 minutuetan. Oso urduri eta guztiz blokeatuta, Eliku Dietetika ISBko neskek saskibaloian jokatzen zuten lehen eguna zela eman zuen.

Gure neskek kantxara kikilduta irtetearen arrazoi nagusia harmailetan aurkitzen zen giroa izan zen. Hasieratik beldurtuta jokatu zuten gure infantilak, eta sei minutu kostatu zitzaien lehen puntua saskiratzea. Aldiz, donostiarrak guztiz motibatuta zeuden, eta erraz lortu zituzten lehen puntuak. Azken hauek urduritasuna ahaztu eta partiduko jaun eta jabe bihurtu ziren. Hala ere, azken bi minutuetan etxeko taldea apur bat esnatu zen eta hiru eraso on eginda 11 eta 15ekoa jarri zuten markagailuan.

Partzial horren ondoren, apur bat lasaitu ziren gure neskak eta gehiago zentratu ziren defentsako lanean. Elikuko neskak beraien benetako jokoa erakusten hasi ziren eta partidua 17 puntutara berdintzea lortu zuten. Hori ikusita Easoko neskak zonakako defentsan jarri ziren (horrela jarraitu zuten ia partidu amaieraraino). Iraurgiko neskek defentsa hori erasotzeko arazoak izan zituzten, eta berriro iluntasunean sartu ziren. Modu horretan, Easok partiduko kontrola berreskuratu zuen eta berriro markagailuan ihes egin zuen atsedenaldi aurretik.

Atsedenaldi ostean ez ziren gauzak gehiegi aldatu. Iraurgikoek defentsan nahiko lan polita egiten jarraitu zuten, baina erasoan ezin zuten saskia ikusi. Apurka Easok tartea 10 puntutaraino zabaldu zuen, eta goraka jarraitu zuen. Laurden amaieran, ordea, gure neskek beste erreakzio txiki bat izan zuten eta laurdeneko partziala bereganatzea lortu zuten. Eta nahiz eta ez ondo jokatu, azken laurdenera 4 puntuz galtzen bakarrik iritsi ziren.

Azken laurden hasieran Easok bi hiruko jaurtiketa sartu zituen, eta kiroldegi osoko alarmak piztu ziren. Elikuk erreakzionatzeko gaitasunik ez zuela zirudien eta pikutara joateko zorian zegoen. Baina momentu horietan azaldu ohi da Iraurgiko izaera, eta agertu egin zen. Bi hirukoak itzuli zituen eta defentsan hortzak estutu zituen. Horrela, Lanaren eta fedearen bidez taldearen arima berpiztu egin zen. Easok, berriz, beherakada izan zuen eta epaileen erabakiez kezkatzen hasi ziren. Hori izan zen beraien akatsa. Iraurgikoek 11 eta 2ko partziala sartu zuten, eta partiduari buelta eman zien: bi minutu faltan bost gora. Baina, beste behin urduritasunak gure nesken gain hartu zuen, eta donostiarrek aukera aprobetxatu zuten. Hala ere, irabazteko aukera izan zuen Easok, azken sei jaurtiketa libreetatik bi bakarrik sartu baitzituen partidua berdintzeko. Azkenean, 50na amaitu zen laugarren laurdena.

Lehen luzapena agonia bat izan zen kiroldegian zeuden guztientzat. Bi taldeetako inork ez zuen saskiratzerik lortu jokoan, eta jaurtiketa libreetatik bakarrik lortu zituzten puntuak. Elikuk seitik hiru sartuta puntu batez irabazten jarri zen. Easokoek, berriz, irabazteko aukera izan zuten, baina azken bi jaurtiketa libreetan bakarra saskiratu eta partidua berdindu zuten. Ondorioz, berriro beste luzapen bat izan zen.

Bigarren luzapenean Eliku izan zen nagusi. Hasieratik iniziatiba izan zuen eta defentsako kontzentrazioa mantendu zuen. Easok prezipitazioz jokatu zuen erasoan, eta defentsan ez zen izan gai barnekaldiak gelditzeko. Azken minutuan gure neskek 2 puntugatik irabazten zuten, baina Easoko jokalari batek lortutako bi gehi batekoaz aurretik ipini ziren. Hala ere, Iraurgik bi baloi berreskuratu zituen eta saskiratu egin zuen.

Elikuk partiduan egoten jakin zuen, eta bere momentua aurkitu zuen. Ziurrenik inoiz jokatuko duen partidurik txarrena jokatu zuen, baina… Txapeldunak bilakatu ziren!

ZORIONAK!