Azken trenak ihes egin dio Disdira Bitxitegiari

img

Asko borrokatu arren 52 eta 49 galdu zuen Alex Astigarragaren taldeak. Horrela, beste bi talderekin berdindu du ISBko taldeak, eta lauko finaletik at gelditu da.

Amaitu da denboraldia Disdira Bitxitegia ISBrentzat. Alex Astigarragaren taldeak azken neurketaraino borrokatu du lauko finalerako txartela eskuratzeko, baina ligan zehar egindako hutsek ondorioak izan dituzte eta aberagearen erruz azken fasetik kanpo gelditu dira. Pasa den asteburuan izan zuten aukera Loiola Indautxuren aurka irabazita sailkapena lortzeko baina 52 eta 49 galduta ezin izan zuten helburua eskuratu. Hala ere, denboraldi polita egin du Iraurgi Saski Baloi taldeko bigarren taldeak.

Igandean Deustura hurbildu ziren zaleek ez zuten saskibaloi ona ikusteko aukera izan, baina emozioz beteriko borroka bizi izan zuten. Bi taldeak defentsako lanean zentratu ziren eta ondorioz erasoan nahiko ataskatuta ibili ziren. Hala ere, lehen bi laurdenetan Iraurgiko taldea izan zen markagailuan aurretik, alde txikiak izan arren. Horrela, atsedenaldira 23 eta 29ko emaitzarekin iritsi ziren.

Atsedenaldi ostean partiduak bide antzekotik jarraitu zuen. Gureek erasoan ezin asmatuz jarraitu zuten, ez zuten punturik lortu lehen zazpi minutuetan, baina defentsako lan onari esker partiduan jarraitu zuten. Aurkariek ere ez zuten egun onena erasoan eta zortzi puntu bakarrik sartu zituzten.

Azken laurden hasieran Disdirak sartutako hiru puntutako jaurtiketa bati esker berriro aurretik jarri ziren azpeitiarrak markagailuan. Partidua berdinduta egon arren gure mutilena zen partiduko erritmoa, eta lasaitasunez apurtzen zuten bilbotarrek jarritako presioa. Azken bi minutuetan, ordea, Indautxukoek defentsa aldaketa bat planteatu zuten, eta Iraurgikoek ez zuten asmatu horri erantzuten. Kanpoko jaurtiketetan ez zuen asmatu ISBk eta partidua galdu zuen.

Alex Astigarragaren hitzetan “eskerrak” eman nahi dizkie animatzera gerturatu ziren zale guztiei, baina batez ere jokalarien urte guztiko lana “txalotu” nahi du. Esan duenez “guztion lanaren ondorio da azken jardunaldira arte borrokan egotea” . 2014-2015 denboraldia amaitu da baina…

EGURRE DISDIRA BITXITEGIA ISB!!!