Amets bat, errealitate bat

img
Zurt Taberna ISB lauko finala irabazi ostean. (Argazkia: J. Goenaga)

Zurt Taberna ISBk igoera faserako txartela lortu du Lehen Mailako lauko finala irabazita. Finalerdian Leioa SBT hartu zuen mendean eta finalean Tabirako Baque izan zuen aurkari. Iraurgiko neskek maiatzaren 15etik 17ra jokatuko dute igoera fasea.

Batzuetan ametsak egi bihurtzen dira, eta halaxe izan da oraingoan. Iraurgi Saski Baloi taldea historia egiten ari da astetik astera, eta oraingoan Zurt Taberna ISBren txanda izan da. Klubeko senior neskek denboraldi bikaina egin dute (22 garaipen eta 4 porrot fase erregularrean), eta asteburuan, gainera, ginda jarri diote. Lauko finala irabazi dute Joseba Lizarralderen eta Aritz Aldalurren neskek eta, horrela, LF2erako igoera faserako txartela eskuratu dute. Azken fase hori maitzaren 15etik 17ra jokatuko dute.

Larunbatean, Leioa SBTren aurka jokatu zuten gure neskek. Partidu estua eta urduritasunez betea izan zen, eta Zurtekoek ez zuten asmatu beraien joko onena egiten. Asko kostatu zitzaien saskiratzea eta ez zuten partiduko erritmoa kontrolatu. Hala ere, azken minutuetan bizkaitarrek baino gehiago asmatu zuten eta garaipena lortu zuten: 56 eta 51. Igandean, berriz, aurreko eguneko urduritasuna alde batera utzi eta partidu benetan serioa jokatu zuten Zurt Tabernako neskek. Pixkanaka-pixkanaka aldeak zabaltzen joan ziren Iraurgikoak, 20 puntutako abantailaraino iritsiz, eta azkenean 71 eta 62 irabazten amaitu zuten. Horrela, txapeldun bilakatu ziren eta hurrengo fasea jokatzeko eskubidea irabazi zuten.

Denboraldi hasieratik lesioek gogor jo zuten Zurt Taberna ISB. Lehen jardunaldietan taldeko hiru jokalari garrantzitsu galdu zituen denboraldi osorako, eta golpe handia izan zen hori taldearentzat. Hala ere, hortzak estututa eta junior nesken laguntza ezin hobeari esker, partiduz partidu borrokatu dute azken minutura arte. Eta honaino iritsi dira. Ikusteko dago hemendik aurrera zer etorriko den, baina ZORIONAK TALDE OSOARI!