Glual Hydraulics ISBren azken partidua

img
Argazkia: Madrilgo saskibaloi federazioa.

Iraurgiko mutilek agur esango die, gaur, Espainiako Txapelketari 18:00etan Pielagosen aurka.

Gure junior mutilek zorte txarra izan dute eta maila handiko taldea tokatu zaie Espainiako Txapelketan. Zozketaren ondorioz Real Madrid eta Cai Zaragoza izan ditu bere talde berdinean, eta horrelako taldeen aurka jokatuta oso zaila da ezustekoa ematea.

Igandean Real Madriden aurka hasi zuen txapelketa Glualek. Ondo jokatu zuen lehen laurdenean eta aurrez aurre hitz egin zien Madrilgo jokalariei. Baina hortik aurrera martxan jarri zen talde zuria eta atsedenaldirako erabakita utzi zuen partidua. Ander Arrutiren eta David Rodriguezen mutilek, ordea, markagailua ahantzi zuten eta jokatzen jarraitu zuten. Lan ona egin zuten eta sentsazio onekin amaitu zuten partidua. Hala ere, 48 eta 97ko emaitzak argi utzi zuen gure mutilek ezin dutela oraindik talde handienekin borrokatu. Jon Zabarte izan zen gure aldetik partiduko onena.

Atzo, berriz, Cai Zaragozaren aurka jokatzea tokatu zitzaien. Hau ere talde handia da, eta ohikoa da amaierako fasetan ikustea. Glualek gogotsu irten zuen partidura, aurreko eguneko urduritasuna kenduta eta beraien burua non zegoen jakinda. Iraurgiko taldea maila onean aritu zen atsedenaldi arte. Kanpoko jaurtiketetan asko asmatu zuen, baina Caikoen nagusitasun fisikoa antzeman zen, eta azken horiek gureen itxaropenari amaiera eman zien. Amaierako emaitza 91 eta 63koa izan zen eta Glualek hurrengo fasera sailkatzeko aukera guztiak galdu zituen. Hala ere, banakako jokoan hobekuntza agerikoa izan zen eta lau jokalarik lortu zituzten 10 puntu baino gehiago sartzea. Merketegik, Goenagak eta Zabartek 13 puntutako balorazioarekin amaitu zuten.

Baina, nahiz eta aukerarik ez izan sailkatzeko Glualek gaur jokatuko du azken partidua Torrejonen. 18:00etan hasiko da Kantabriako Pielagos taldearen aurka, eta gaurkoan beraien mailako taldea izango dute aurrean azpeitiarrek. Horregatik, guztiz motibatuta irtengo dira gure mutilak eta garaipena eskuratzen saiatuko dira.

Egurre Glual!

- Glual Hydraulics ISB Vs Real Madrid.pdf

- Cai Zaragoza Vs Glual Hydraulics ISB.pdf