Iraurgi Saski Baloiaren erabateko nagusitasuna

img

Nesken Infantil Handi mailako txapeldun izendatu da Sarralle ISB finalean Decoramik ISBri irabazita.

Pasa den asteburuan Iraurgi Saski Baloi klubeko bi taldek, Sarralle ISB eta Decoramik ISB, nesken Infantil Handi mailako finala jokatu zuten. Gipuzkoako txapelketako finalean Iraurgiko bi talde egoteak argi uzten du, beste behin, gure klubeko nesken harrobiak ez duela amaierarik.

Donostiako Manteo kiroldegian jokatu zen Lauko Finala, eta bertan izan ziren Orioko Ikastola, Easo 01 Zelaieta eta gure bi taldeak. Lehen finalerdian Decoramik ISBk Orioko taldea hartu zuen mendean 43 eta 26. Iban Kerejetaren neskek partiduaren kontrola izan zuten atsedenalditik aurrera eta ez zuten partidua galtzeko arriskurik izan.

Bigarren finalerdia estuagoa izan zen. Sarralle ISBk gehiago sufritu zuen Easo 01 Zelaietari irabazteko baino azkenean 54 eta 44 irabazten amaitu zuen. Jesusek entrenatutako neskek bukaeraraino gogor lan egin behar izan zuten partidua irabazteko.

Finalean gauza bat argi zegoen: Iraurgikoa izango zen txapelduna. Eta final polit horretan Sarralle ISB izan zen irabazlea. Partidu estua izan zen igandekoa ere, baina garbi gelditu zen lagun arteko borroka izan zela. Azkenean 47 eta 38 irabazi zuen Jesusen taldeak.

Gutxitan pasatu ohi da klub berdineko bi ekipo finalean egotea, eta Iraurgi SBtik gure poztasuna adierazi nahi dugu bi talde horien lehiakortasunarengatik.

Zorionak Sarralle!
Zorionak Decoramik!