Aranur ISBk garaipenarekin hasi du txapelketa

img

Gure juniorrak bide onetik ekin die Guadalajaran Espainiako Txapelketari.

Partida zaila jokatu zuen, atzo, Aranur ISBk Oncineda talde nafarraren aurka. Ohikoa den bezala, urduritasun handia nabaritu zen partiduko lehen minutuetan, baina apurka gure neskak partidua kontrolatzen hasi ziren. Horrela tartetxoa zabaldu zuten lehen laurdenean.

Bigarren laurdenean, ordea, Nafarrak hobeto jokatzen hasi ziren eta berriro partiduan sartu ziren. Erraz saskiratzen zuten eta Aranurrekoak apur bat larritu egin ziren. Hala ere, gureek ere maila bat igo eta saskia errazago ikusten hasi ziren. Hurrengo minutuetan bi taldeak saskiratze trukean aritu ziren. Iraurgiko neskek zuten aldea galdu zuten, eta atsedenaldian bi puntugatik bakarrik irabazten zuten.

Atsedenaldi ostean ondo hasi zen Aranur ISB. 0 eta 7ko partziala eginda berriro tartetxoa zabaldu zuen. Baina Oncinedakoek partiduan jarraitu nahi zutela eta segituan erantzun zuten. Laurden horretan bi taldeak defentsako lanean gehiago zentratu ziren eta saskiratze ehunekoak jaitsi egin ziren. Hala ere, Aranurrek laurdena irabazi egin zuen eta hiru puntutako abantailarekin amaitu zuten laurdena.

Azken laurdenean nekea eta presa izan dira Nafarroako taldearen kalteak. Beraien taldeko jokalari onena, Ane Senosiain, indarrik gabe gelditu da taldea aurrera ateratzeko. Gureek oso ondo defenditu dute eta berriro tartea zabaldu dute. Horrela partidua apurtu dute eta txapelketako lehen partiduan garaipena eskuratu dute.

Eneritz Larrañagak (16) eta Maite Galdosek (14) sartu dituzte taldeko puntu gehienak, eta balorazioari dagokionez Ainhoa Bereziartua izan da onena.

- Aranur Vs Oncineda.pdf

- Maristas Córdoba Vs Adarse Uva Ponce.pdf