Aranur ISB Espainiako Txapelketako final zortzirenetara

img

Iraurgi SBko neska juniorrek ez dute partidurik galdu txapelketako fase erregularrean, eta hori dela eta taldeko lehen sailkatu bezala pasatu dira hurrengo fasera. Bihar ekingo die kanporaketei eta Unigirona edo Estudiantes izango dute aurkari.

Iraurgiko junior neskek, Aranur ISBk, guztiok aho zabalik uzten gaitu partiduz partidu eta horretan jarraitzen du Espainiako Txapelketan. Igandean ekin zion lehiaketari eta ordutik hiru partida jokatu ditu. Hiru partidetan garaipena lortu dute Iraurgiko neskek, eta ondorioz hurrengo faserako sailkatu dira, taldeko lehenak bezala gainera. Bihar, astezkena, jokatuko dute Aritz Aldalurren eta Iñaki Aldanondoren neskek final zortzirenei, baina oraindik ez dakite nor izango duten aurkaria, Kataluniako Unigirona edota Madrilgo Estudiantes.

Partida gogorra jokatu dute gaur gure neskek Uva Ponce talde faboritoaren aurka. Neurketa hasi aurretik Aranur ISBk bazekien sailkapena lortuta zuela ordurako, baina irabaztea behar zuen lehen sailkatu bezala egiteko aurrera.

Hasiera hasieratik izan da partidua oso berdindua. Bi taldeak partzial txikiak eginez aritu dira, baina ez du inork partiduaren kontrola izan. Hala ere, Valladolideko taldeak 7 puntu inguruko abantailak ere izan ditu. Gure neskek, ordea, 0 eta 11ko partzialarekin horri buelta ematen jakin diote eta atsedenaldira iritsi aurretik markagailuan aurretik jarri dira: 28 eta 29.

Aldageletatik bueltan partiduak ildo beretik jarraitu du. Bi taldeetako inor ez da gai izan partidua apurtzeko eta partzial txikiak eginez aritu dira. Beste behin, Valladolidekoek partidu hauetan garrantzitsua izaten den tartea zabaldu dute (38 eta 33) eta lasaitasun apur bat hartu dute partiduan. Gureek, ordea, ez zuten partidua galdu nahi eta laurdena amaitu aurretik berriro partidua berdindu dute: 40 eta 40.

Azken laurdena jokoan eta guztia erabakitzeko. Partiduaren intentsitatea eta garrantzia airean antzematen ziren Guadalajaran, eta horrek erasoko jariotasuna galdu arazi die bi taldeei. Horrela, 47nako berdinketarekin iritsi dira 40.minutura. Aurkariek 4 segundotan jokaldia antolatzeko aukera izan dute, baina Eneritz Larrañagaren tapoi bati esker ezerezean gelditu da erasoa.

Luzapena ez da ondo hasi gure neskentzat, hiruko jaurtiketa bat asmatuz ireki baitu denbora gehigarria Uva Poncek. Hala ere, gure neskek berriro ere motorra martxan jarri dute eta partiduari buelta eman die. Ainhoa Bereziartuaren hirukoak lau puntutako abantaila eman dio Iraurgiko taldeari 19 segundo faltan. Hortik aurrera denborarekin jokatzen jakin dute gure neskek eta 53 eta 55 irabazten amaitu dute.

Izugarria ari da izaten neska hauen txapelketa, eta Iraurgitik gure animo guztiak bidali nahi dizkiegu kanporaketetarako. Ziur gaude emaitza onekin itzuliko direla etxera.

Zorionak neskak! #egurre

- Adarsa Uva Ponce Vs Aranur.pdf