Eliku ISBren bertsiorik onena

img

Xubiren jokalariek errezitaldia eman zuten larunbatean Euskadiko Joko Eskolarretako azken fasean. Oso joko ona egin zuten eta partidua amaitu aurretik markagailua itxi zuten. Hitz batean esanda, SEKULAKOA!

Partidu hasiera ikusgarria izan zen. Eliku Dietetika ISBko jokalariek kontzentratuta eta ideia garbiekin egin zuten salto kantxara. Defentsako intentsitatea erabakigarria izan zen eta berehala hasi zen fruituak ematen. Horrela, hasieratik tartea zabaldu zuen Iraurgiko taldeak. San Viatorreko neskei asko kostatu zitzaien Iraurgikoen presioa apurtzea, eta behin hori lortuta ez zuten asmatu erasoan. Iraurgikoek, berriz, hasieratik apurtu nahi izan zuten partidua eta guztia eman zuten hori lortzeko. Nahiz eta fisikoki txikiagoak izan errebotea ere kontrolatu zuten gure neskek, eta horrela laurdena 6 eta 18 irabazten amaitu zuten.

Bigarren laurdenean bide berdina jarraitu zuen partiduak. Elikuko neskek izugarrizko kontzentrazioa izan zuten defentsako jokoan: errebotea kontrolatu zuten eta ez zien utzi aurkariei kantxa erdia erraz gurutzatzen. Erasoan ere maisutasunez aritu ziren azpeitiarrak. Erasoak gutxi landu behar izan zituen eraso gehienetan, baina landu beharrekoetan ere baloia ondo mugitu zuten eta pazientziaz jokatu zuten. Gasteiztarrak, aldiz, guztiz blokeatuta eta erreakzionatu ezinez aritu ziren bigarren laurdenean. Ondorioz, laurden horretako partziala ere gure neskentzat izan zen (8 eta 25) eta atsedenaldirako partidua ia erabakita utzi zuten.

Aldageletatik pasa ondoren, Gasteizko taldea saskibaloi ona egiteko helburuarekin kantxaratu zen. Defentsako lanean askoz zentratuago egon zen eta erasoan presioa errazago gainditu zuen. Erasoan, gainera, kalitatea erakutsi zuten eta eraso hobeak egin zituzten. Elikuko neskek, markagailuko aldea ikusita, intentsitatea jaitsi zuten eta ez zuten aurreko laurdenean bezalako alaitasunez jokatu. Baloi gutxiago lapurtu zituzten eta ondorioz, gehiago landu behar izan zituzten beraien erasoak. San Viatorrekoek arnasa hartu zuten eta laurden ona egin zuten. Hala ere, Iraurgikoentzat izan zen berriro partziala: 10 eta 14.

Azken laurdenak aurrekoaren itxura berdina izan zuen hasiera batean, baina denborarekin indarrik gabe gelditu zen Gasteizko taldea. Behin haiek besoak jaitsita Elikuk berriro lasterka egin zuen eta hasierako arrabola martxan jarri zuen. 7. minutuan Soraluceren saskiratze batek markagailua itxi zuen.

Datorren asteburuan, ziurrenik, gure infantil neskak Euskadiko txapeldun bilakatuko dira, gasteiztarrek garaipena lortu baitzuten igandean La Salleren aurka (63 eta 75). Gaskako kiroldegian, beste behin, Iraurgiko neskek beste arrakasta bat lortuko dute gure kluba nesketan Gipuzkoako lehena dela erakutsiz. Hala ere, taldeak bere indar guztiarekin borrokatuko du garaipen on bat eskuratzeko. Pasa den larunbateko partidua bezalakoa jokatzea izango da gure nesken helburua, eta entrenatzailearen espiritua ezagututa ez dugu uste gutxiagorekin konformatuko denik.

Lanean jarraitzera!

San Viator 26 – Eliku Dietetika ISB 77

PARTZIALAK: 6-18 / 8-25 (14-43) / 10-14 / 2-20

SASKIRATZAILEAK: Soraluce N (12), Ezama M (8), Ezama A (6), Otaegi M (10), Merketegi M (14), Bastida A (6), Lizundia A (11), Odriozola A (2), Bastida E (8)