Garaipenarekin itxi du denboraldia Kirol Aukera ISBk

img

Cafes Aitonaren aurka irabazi zuen Alzako kiroldegian. Oso partidu gorabeheratsua izan zen non azpeitiarrek kontrolatu zuten lehen zatia eta donostiarrek bigarrena.

Enaitzen mutilek gogotsu hartu zuten azken partidua. Josuren hiruko jaurtiketa batek eman zioten hasiera 0 eta 9ko partzialari, eta azpeitiarren defentsa gogorrak sorpresaz hartu zituen Cafes Aitonako mutilak. Oso minutu onak jokatu zituen Kirol Aukera ISBk, ondo mugitu zuen baloia eta aukera onenak hautatu zituen jaurtiketak egiteko. Bestalde, donostiarrek banakako jokoa egin zuten eta ez zuten asmatu. Etxeko taldeak ez zuen saskiratzerik lortu lehen laurdeneko 6. minutu arte. Laurden amaieran 6 eta 15 irabazten zuten Iraurgikoek.

Bigarren laurdena berdintasun gehiagorekin hasi zen. Bi taldeak defentsan zentratu ziren eta erasoan pazientziaz jokatu zuten. Cafes Aitonakoek laguntzak ondo ematen zizkieten elkarri eta Iraurgikoek, berriz, kanpoko jaurtiketez baliatzen ziren. Laurden erdialdera Azpiazuk motorra martxan jarri zuen eta 7 puntu jarraian sartuta bere taldea gidatu zuen. Donostiarrek kontzentrazioa galdu zuten eta akatsak egiten hasi ziren. Horrela, azken horiek ez zuten saskiratzerik lortu azken hiru minutuetan eta Kirol Aukerak markagailuko tartea 22 puntutaraino zabaldu zuen. Laurden horretako partziala 9 eta 24koa izan zen, eta ia partidua erabakita utzi zuen.

Atsedenaldi ondoren, ordea, Enaitzen mutilak erlaxatu egin ziren. Agresibitatea galdu zuen talde azpeitiarrak eta Aitonakoak handitzen hasi ziren. Hiruko marratik saskiratzeak sartu egin zituzten donostiarrek eta defentsan intentsitatea igo zuten. Gureek, berriz, talde espiritua galdu eta banakako jokoa egiten hasi ziren. Horrela, asko kostatu zitzaien Iraurgiko mutilei saskiratzea, eta defentsan ere laguntzetaz eta erreboteaz ahaztu ziren. Ondorioz, laurdena galdu egin zuen Kirol Aukera ISBk: 19 eta 10.

Azken laurden hasieran etxeko taldeak 8 eta 0ko partziala egin zuen eta asko gerturatu ziren markagailuan. Donostiarrek bolada onean jarraitzen zuten eta Kirol Aukera ISBk ez zekien zer egin. Lau minutu pasa ziren arte ez zuen saskiratzerik lortu gure taldeak. Baina Azpitarteren eskutik taldea esnatu egin zen eta berriro partiduan sartu zen. Defentsan zentratu ziren eta errebotearen kontrola berreskuratu zuten. Gainera, laguntza onak ematen hasi ziren. Horren ondorioz, Donostiako taldeak kanpoko jaurtiketak egin behar izan zituen. Hauek nahiz eta ehuneko onak lortu Kirol Aukerak zuen abantailarekin jokatzen jakin zuen, eta etxekoek eginiko faltetatik tartea mantendu zuten. Amaieran, laurdena donostiarrek irabazi arren (22-14) gureek irabazi zuten partidua.

Honela, Kirol Aukera ISBk oso denboraldi ona egin du. Nahiz eta errendimenduko finala ez zuen irabazi, taldea asko hazi da bai talde bezala eta baita banakakoan ere.

Zorionak!!!!!

Cafes Aitona 58 – 63 Kirol Aukera

PARTZIALAK: 6-15 / 9-24 (17-39) / 19-10 / 22-14

SASKIRATZAILEAK: Amorin A, Garate G (14), Resa J, Azpitarte I (19), Altuna I (2), Azpiazu S (11), Cornejo P, Merino J (7), Garate E (10)