Eliku Dietetika ISBk partidurik galdu gabe amaitu du txapelketa

img

Infantil neskek La Salleri irabazi eta ezarritako helburua bete zuten. Horrela, errendimendu mailako Euskadiko txapeldun bilakatu dira eta Estatuko mailako txapelketara sailkatu dira. Izugarrizko joko maila onean daude gure neskak.

Partidua ezin hobeto hasi zuen Eliku Dietetika ISBk, Merketegik hiruko marratik saskiratuta estreinatu baitzuen markagailua. Lehen minutuetan partidua nolakoa izango zen ikusten aritu ziren bi taldeak, baina segituan lortu zuen Iraurgiko taldeak partiduko kontrola. La Salleko neskek ez zituzten minutu txarrak jokatu, baina ez zuten asko asmatu kanpotik eta Iraurgiko neskek ihes egin zieten. Hala ere, ISBkoek hainbat hutsune utzi zuten defentsan eta horiek aprobetxatu zituen Bilboko taldeak berriro partiduan sartzeko. Horrela, lehen laurdena 20 eta 14 irabazten amaitu zuen Eliku Dietetika ISBk.

Bigarren laurdena ere lehena bezala hasi zuen Iraurgik, hiruko saskiratzearekin. Oraingoan, ordea, ez zuen hutsunerik utzi defentsan eta Bilbokoak horma zeharka ezinarekin topatu ziren. Horrela, gureek baloi ugari lapurtu zituzten eta trantsizio errazak lortu zituzten. Berriro partiduko kontrola eskuratu zuten eta partidua apurtu zuten. Atsedenaldira 23 puntutako abantailarekin iritsi ziren Xubiren neskak.

Aldageletatik itzuleran intentsitate berdinarekin jarraitu zuen Eliku ISBk eta partiduko aspektu guztietan izan zuen domeinua. Defentsan oso maila altua izaten jarraitu zuten Iraurgiko neskek eta erasoan baloia ondo mugitu zuten. Horrela, jaurtiketa onenak hautatu zituzten azpeitiarrek. La Sallekoek, berriz, ez zuten jakin beraien jokoa egiten ez aurrean eta ez atzean. Ondorioz, hirugarren laurdena ere Iraurgikoentzat izan zen: 22 eta 11.

Azken laurdenak ez zuen istorio gehiagorik izan. Elikuk partiduko kontrola izaten jarraitu zuen eta bizkaitarrek ez zuten jakin erreakzionatzen. Gureek intentsitatez jokatu zuten partidu osoa eta garbi utzi zuten Espainiako Txapelketara lehiatzera joango direla. Azken 17 eta 7ko partzialarekin Eliku Dietetika ISB Euskadiko txapeldun bilakatu zen.

Titulu hori denboraldiko bigarrena da maila handiko belaunaldiarentzat, eta klubeko laugarren taldea izango da Estatuko txapelketa jokatuko duena. Izugarrizko lana Elikuk egin duena, eta beraien entrenatzaileen pertseberantzia aipagarria. Maila ona izatea eta lana egitea bateragarriak direla garbi uzten duen adibidea dira gure neskak.

Zorionak!!!!!

Eliku Dietetika ISB 85 – 41 La Salle

PARTZIALAK: 20-14 / 26-9 (46-23) / 22-11 / 17-7

SASKIRATZAILEAK: Ezama M (11), Ezama A (24), Otaegi M (6), Merketegi M (12), Bastida A (3), Lizundia A (17), Odriozola A (4), Bastida E (8) .