Gozatzera eta saskibaloi ona egitera

img

Eliku Dietetika ISB Euskadiko lehen sailkatu bezala joango da Pontevedran ospatuko den Espainiako Txapelketara. Klubeko nesken hirugarren taldea izango da Estatu mailako txapelketa jokatzen duena.

Modu irmoan Euskadiko txapeldun bilakatu ostean, Xubiren eta Jesusen neskak prest daude Espainiako onenen aurka borroka egiteko. Gogotsu dagoen talde honentzat lehenengo aldia izango da maila horretako txapelketa bat jokatzen duela. Euskadiko Eskolarteko Jokoetan erakutsi du, ordea, a zer nolako maila eta kapazitatea duen talde honek, eta merezitako saria izango du Pontevedrakoa.

Entrenatzaileek garbi daukate ahalik eta ondoen jokatzera joango direla, eta inolako presiorik ez dutenez lortzen dutena izugarrizkoa izango dela deritzote. Gure ekipoari tokatu zaion taldea ez da erraza, Errioxako eta Madrilgo txapeldunak eta Nafarroako azpitxapeldunak izango baitituzte aurkari. Beraz,final zortzirenetarako sailkatzeko barruan daukaten saskibaloi guztia atera beharko dute gure neskek. Kalitatea eta gogoa soberan dauzka taldeak eta hori guztia kantxa gainean jartzea izango da ekipoaren helburua.

Alameda de Osuna izan da Madrilgo txapelduna. Oso partidu estua jokatu zuen finalean eta 54 eta 43 irabazten amaitu zuen Estudiantesen aurka. Oso talde ona da, gogorra defentsan eta oso ordenatua erasoan. Taldean bi jokalari nabarmentzen dira, Cristina Mato eta Maria Muñoz, lauko finaleko MVPa azken hori. Taldeko faboritoak dira madrildarrak.

CB Burladari, berriz, asko kostatu zaio txapelketarako pasea lortzea. Liga erregularrean bigarren postua lortu zuen Ardoirekin borroka polita izan ostean, eta lauko finalean berriro elkarren kontra jokatu eta Burladak lortu zuen partidua. Finalean, “espero bezala” Multibasketek irabazi zuen partidua eta Burlada bigarren bezala sailkatu zen. Saskibaloi ona egiten duen talde serioa da Nafarra.

Champagnatek, aldiz, Errioxako txapelketa erraztasunez menderatu du. Fase erregularrean ez zuen partidurik galdu eta batez beste 69 puntu sartu eta 30 jaso zituen. Azken fasean ere oso nagusi izan zen taldea eta ez zuen partidurik galdu. Oso talde sendoa eta dinamikoa da erasoan, defentsan, berriz, saiatua. Postu guztietan maila antzekoa dauka talde errioxarrak.

Honakoa da Elikuren egutegia:

Ekainaren 14an, igandea – Pabellon universitario

12:30ean Eliku Dietetika ISB Vs Hotel Gran Vía Champagnat A

Ekainaren 15ean, astelehena – CGTD

09:30ean Alameda de Osuna Vs Eliku Dietetika ISB

Ekainaren 16an, asteartea – Pabellon municipal

09:30ean Eliku Dietetika ISB Vs CB Burlada

Zorte on eta gozatzera!

- Alameda de Osuna.pdf

- CB Burlada.pdf

- Champagñat.pdf