Gainditu gabeko irakasgaia

img

Añares Rioja ISBk Galizia aldera joko du larunbatean erronka berri bati aurre egiteko asmoz. Aurreko larunbatean Zamaraten aurka neurketa oso txukuna jokatu eta gero, etxetik kanpo ere, Star Centre-Uni Ferrolen aurka, sentsazio on horiei jarraikortasuna ematen saiatuko dira Joseba Lizarralderenak.

Galiziarrak hiru garaipenekin daude soilik, horietatik bi etxean lorturikoak, Campus Prometeren aurka (65-61) eta Bembibreren kontra (66-60), eta etxetik kanpokoa IDK Gipuzkoaren kantxan (55-65). Porrotei dagokienez ordea, askogatik galdu dituzte euren lau neurketak, Conqueroren kontrakoa izan ezik, etxean, azken laurdenean eta 4 puntugatik galdu baitzuten (75-79).

Lino Lopezek joko estilo oso definitua dauka: atzean egindako lan gogor bati, partidako erritmoaren jabe egin nahi izaten du. Erasoari dagokionez, korrika egiteari uko egin gabe, kontrolpeko saskibaloia bilatu ohi du. Kontrarioak ondo estudiatzen ditu, aurrean duen taldearen puntu beltzei zukua ateratzen saiatzen da.

Galiziarren kantxa ez da bat ere erosoa, indartsu egiten dira bertan eta duten onena ateratzen dute. Edukiera txikikoa (500 ikusle), zaleek gogor bultzatzen dute eta kontrarioek igartzen dute hori. Markagailu luzeekin jokatzea ez dute gustuko izaten, normalean puntu gutxira jokatzen dute, 70 puntutik gorako neurketetan nekez ateratzen dituztelako garaipenak. Eta profil hori, ez zaie gaizki etortzen gure neskei.

Sara Hammond (1’88 metro) pibot estatubatuarra da proiektu honen liderretako bat. Lousvilleko Unibertsitatean jokalari oso garrantzitsua izatetik dator, bertan 10’6 puntu eta 6’3 errebote eskuratu baitzituen bataz beste kantxan zegoen ia 26 minututan. Ferrolen orain arte lortutako zenbakiak ere ez dira makalak: 11’4 puntu eta 4’1 errebote partidako. Fisiko bikaineko jokalaria, erasoan zirt edo zart egiten duen horietakoa, bai bizkarrez jokatuta zein uztaira zuzenean joanda.

Uni Ferrolen fitxaketa entzutetsuena ordea Laura Quevedo (1’84 metro) madrildarra izan da. Estatutako emakumezkoen saskibaloian dagoen talentudun eta etorkizun handienetakoa duen kanpoko jokalaria da. Aurtengo udan 20 urtez azpiko Europako Txapelketako bosteko nagusian sartu zuten. Jaurtitzaile aparta, bat-batekoetan oso praktikoa da, defendatzailea erraz atzean uzten dakienetakoa. Bataz beste 11’4 puntu sartu ditu eta 6’3 errebote eskuratu.

Ana Suarez (1’70 metro) da entrenatzaile orok bere taldean nahiko lukeen joko antolatzailea. Guduz gudu esperientzia batuz joan den jokalari beteranoa, galiziarren proiektuaren hirugarren zutabea dela esan genezake. Valentziarrak 10’6 puntu eta 4’1 errebote lortu ditu bataz beste orain arte.

Patricia Cabrera (1’72 m) eskolta eta Beatriz Sanchez (1’90 m) eta Anne Mills (1’92 m) pibotak ez ditugu taldea bizkar gainera eramaten ikusiko, ez normalean behintzat, baina partida edozein momentutan apurtzeko kapaz dira.

Ez da bat ere neurketa erraza eta amaierara garaipen aukerekin iristeko egundoko esfortzua egin beharko dute Añares Rioja ISBko neskek, baina azken jardunaldian erakutsitako grinarekin… zergatik ez?

Guztiak egongo gara gure neskek egiten dutenari so eta bultzada dena ematen saiatuko gara larunbateko 19:00tan neurketa hastearekin bat.

Egurre neskak!!!!!