Lehiakor direla sinetsita daude

img
Lizarazu-Davydova bikoteak lanak eman ditu gaur

Denboraldian lehen aldiz bi laurden irabazteko kapaz izan arren, Ferrolen gaur ere galtzaile irten da Añares Rioja ISB (76-73)

Argi dago zerbait aldatu duela taldea aurreko asteko neurketak. Jokalariak aurrera pauso bat emateko prest agertu dira eta dagoeneko ez dira hiru edo lau bakarrik lehiakor izan nahi dutenak. Eta horrek garaipenetik gertuago jartzen du Añares Rioja ISB. Gaurko neurketa izan da horren adibide garbiena.
Neurketa nahiko paretsu hasi da, biak ere kontrarioari min egin nahian. Presioan baina arazoak izan dituzte gipuzkoarrek baloia aurrera eramateko eta baloi galdu batzuek tarteko etxekoak aurretik jarri dira markagailuan. 9 puntuko tartea ere zabaltzera iritsi dira galiziarrak baina Davydovaren eta Intza Lizarazuren lana tarteko abantaila hori ezerezean gelditu da. Ana Suarezen hiruko batek bakarrik eman dio haize pixka bat Uni Ferrol-i eta lehen laurdena 23 eta 17 amaitu da.
Lehen laurdeneko borroka puntu hori falta izan zaio baina bigarren laurdenean ISBri. Gutxika-gutxika markagailuan aldea zabaltzen joan dira etxekoak eta Cabreraren hiruko batek 15 gora jarri du bere taldea atsedenaldira iristeko 2 minutu eta erdiren faltan. Aldageletara 43 eta 30 joan dira. Bazirudien gaurkoan ere jipoia jasotzen amaituko zutela Joseba Lizarralderen neskak, baina Añares Rioja ISB ez da duela aste batzuetako talde berdina eta atsedenaldiko hitzek aupatu egin ditu animoak.
Bi hiruko jarraian sartuta hasi dute gipuzkoarrek hirugarren laurdena eta partidan sartu dira bete-betean. Roselisen hirugarren falta pertsonalak eta Sara Hammond agertzen hasi izanak zaildu egin du lana, baina Lizarazu-Davydova bikoteak min egiten jarraitu du eta etxekoek markagailua alde bazuten ere, partidaren erritmoa gipuzkoarren alde galduta zutela argi gelditu da. Markovic ere berotzen hasi da eta serbiarrarengan ohikoa den legez denetik egiten hasi da (18 errebote eskuratu ditu guztira!), laurden amaierara bost azpitik bakarrik heldu direlarik: 60 eta 55.
Larri zebiltzan etxekoak baina jakin izan dute nola min egin. “Mismatch”ak bilatu dituzten behin eta berriz eta 6-0ko partziala eginda 13ko zuloa zabaldu dute berriz. Baina Roselis eta Intza puntuak batzen hasi dira berriz, eta Eider Bereziartu ere fin ibili da kanpotik, jasotako partziala bueltatu ahal izan diotelarik Uni Ferrol-i. Etxekoek ez zuten lortzen bere jokorik egiterik eta jokaldi indibidualek, batez ere Bea Sanchezen eskutik, bakarrik mantendu dute talde galiziarra aurretik. Bien bitartean, Añaresek egiten zituen aldaketek ez zuten taldearen indarra jaitsarazten eta Roselisek hiruko batekin 3 puntura jarri du bere taldea bi minuturen faltan. Azken minutuan sartuta lehen garaipenetik gertu egoteko aukerak ikusteak prezipitaziora eraman ditu Lizarralderen neskak, baina hala ere, 13 segundoren faltan eta 4 azpitik zirela Ana Suarezek kirol-gabetasun falta bat egin du Roselisen gainean. Tamalez lehen jaurtiketa librea ez du sartu venezuelarrak eta horrek luzapena bilatzeko hiruko bat sartzera behartu du taldea. Bi aukera eduki ditu Añares Rioja ISBk, baina ez Intzaren ez eta Markovicen jaurtiketek ez dute sartu nahi izan eta azkenean 76 eta 73 amaitu da neurketa.
Bide zuzena aurkitu dute gipuzkoarrek eta hortik jarraituta horren desiratua den lehen garaipena iritsiko da.
Saskiratzaileak: (23-17/20-13/19-25/14-18)
STAR CENTER UNI FERROL: Suarez (16), Cabrera (12), Quevedo (8), Sanchez (14) eta Hammond (13) – Perez (9), Fernandez, Kesanen (4) eta Mills.
AÑARES RIOJA ISB: Zubizarreta (2), Lizarazu (19), Davydoba (12), Silva (15( eta Markovic (10) – Arregi (7), Uria, Epelde eta Bereziartu (8).