Caldereria Pakok ezin irabazi Hernani Keren aurka (62-65)

img

Azken minutu oso onak jokatu arren, hauek ez ziren nahikoa izan garaipena lortzeko.

Esaera zahar batek dio, gaizki hasten denak ez daukala akabera onik eta larunbatean konprobatu egin ahal izan zen hori. Beroketa ariketetatik hasi ziren gauzak gaizki. Beroketa txar batek neurketa hasiera eskasa ekarri zuen. Defentsak inolako tentsiorik ez zuen erakutsi eta hernaniarrek bikaina aprobetxatu zuten markagailuan alde egiteko (3-17, 9. minutuan). Markagailuan horren atzean ikusteak larritasunez bete zituen etxekoak eta horrek ez zien utzi gauza garrantzitsuenetan arreta jartzen. Laurden amaieran 9 eta 21.

Bigarren laurdena ere antzerakoa izan zen, Iraurgikoak egindako akatsetan zentratuta jarraitu zutelako. Hala ere, hobekuntza txiki bat egon zen amaierarako eta horrek abantaila txikitzea ahalbidetu zuen, atsedenaldira 24 eta 37 joan zirelarik.

Aldageletatik bueltan jokalariak konfiantza gehiagorekin irten ziren eta ideiak nahiko garbi zituztela, non eta nola gauzak egin jakinik. Defentsako lana askoz oldarragoa izan zen, taldeak korrika egiteko kapazitatea erakutsi zuen eta baloi zirkulazioa ere askoz hobea izan zen. 8 eta 0ko partzial bati esker 7ra gerturatzea lortu zuten 26. minuturako (32-29). Hernanik erreakzionatzen jakin zuen hasiera batean, baina laurdenaren amaierarako abantaila 7 puntutan gelditu zen, 40 eta 47, eta horrek garaipen esperantzak piztu zituen etxekoengan.

Azken laurdenean Caldereria Pakoren bertsiorik onena ikusi ahal izan zen. Puntuak erraz sartu zituzten eta defentsak kanpokoen baloi galtze ugari sorrarazi zituen. 12 eta 4ko partzial bati esker markagailua lehendabizikoz iraultzea lortu zen: 52 eta 51 bost minuturen faltan. Hernanikoak baina, ez ziren behera etorri, pazientziarekin jokatu zuten, baloiak zona barruan jartzen hasi ziren berriz eta granateen jaurtiketa erraz batzuetan egindako hutsa aprobetxatu zituzten berriz ere abantaila hartzeko. Azkeneko segundoak benetan zirraragarriak izan ziren. Markagailua 62 eta 63 zela eta bost segundoren faltan, kanpokoek bi jaurtiketa libre eduki zituzten. Lehena bakarrik sartu zuten, baina errebotea eskuratu zuten. Falta berri bat eta 2’5 segundorekin bigarren jaurtiketa librea bakarrik sartu zuten. Hutsartea eskatu zuten etxekoek eta hiruko jaurtiketa botatzea ere lortu zuten jokaldi landu batekin, baina hau oso behartua izan zen eta baloiak ez zuen sartu nahi izan.

Hurrengo neurketa Aieten jokatuko da larunbatean Atletico San Sebastianen aurka.